Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Finala

Zer gertatu zen Olaizola II - Irujo aurreko bi finaletan?

L.E. | eitb.com

Larunbatean hirugarren aldiz neurtuko dituzte indarrak bi pilotariek Lau t'erdiko txapelketako finalean. Biek dakite txapeldun izatea zer den, baina Irujo bakarrik atera da galtzaile final batean.

  • Aimar Olaizola Irujoren aurka jokatutako bi finaletan gailendu da. EiTB.

    Aimar Olaizola Irujoren aurka jokatutako bi finaletan gailendu da. EiTB.

Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok Lau t'erdiko txapelketako finala jokatuko dute larunbatean (zuzenean, 21:15ean). Ez da bien artean jokatzen duten lehenengoa. Aurretik beste bitan egin dute borrokan 'kaiola'ko txapelka eskuratzeko (2008an eta 2011n) eta birritan Olaizola II.a izan da nagusi. Goizuetarrak sei final irabazi ditu guztira: 2002, 2004, 2005, 2008, 2011 eta 2012 urteetan).

Lehen aldiz 2008ko finalean neurtu zituzten indarrak bi aurrelariek. Partida Donostiako Atano III.ean jokatu zuten eta Aimarrek 22 eta 17 irabazi zuen. Horri esker, bere ibilbideko laugarren txapela jantzi zuen, Retegui II.a handiaren marka berdinduta.

Norgehiagoka gogorra eta bizia jokatu zuten bi pilotariek. Goizuetarra 5 eta 0 aurreratu zen, baina Irujok amorrua atera eta berdintzeaz gain aurretik jartzea ere lortu zuen.

Olaizola II.ak aldageletako bidea hartu zuen momento horretan, atzamar batean zuen minaren ondorioz. Baina jarraitzeko moduan izan zen eta kantxara itzultzean 15 eta 9 jarri zen aurretik. Jokoa bizia zen, eta bi pilotariek ahalegin fisiko handia egin zuten.

19 eta 15etik 19 eta 17 hurbildu zen Irujo, baina Iberokoak huts egin zuen gero, partidazo momenturik garrantzitsuenean, eta Olaizola txapela irabazteko puntu batera jarri zen. Asegarceko aurrelariak ez zuen aukera alferrik galdu, eta 22 eta 17 gailendu zen.

2011: bigarren finala

Hiru urte geroago, 2011ko Lau T'erdiko Txapelketako finalean, Olaizola II.a eta Irujo izan ziren berriro protagonista. Aimar gailendu zen berriro ere, 22-12, Bilboko Bizkaia pilotalekuan 3.000 zaleren aurrean jokatutako partidan.

Apustuek Irujo faborito ematen zuten arren, Iberokoak ez zuen mailarik onena agertu, eta markagailuan atzetik joan zen ia partida guztian.

Joko erasokorragoa egin zuen Goizuetakoak eta partidan azkarrago eta hobeto sartu zen. Horri esker, Aimar Olaizola 13-8 aurreratu zen. Irujo 13-12ra murriztu zuen aldea, baina, ezustean, hortxe amaitu zen lehia.

Olaizola II.ak sakea errekuperatu zuen eta maisu aritu zen, aurkaria bere onetik ateraz. Aimarrek bosgarren txapela erdietsi zuen, txapela berezia, izan ere aurreko astean aita hil zitzaion eta hari eskaini zion garaipena malko artean.