Lau t'erdikoa
Ligaxka
Irujok lehen puntua lortu du final-laurdenetan, Xalaren kontra
L.E. | eitb.com
Nafarrak 22 eta 13 menderatu du aurkaria, partidan sartzea asko kostatu zaion arren. Hurrengo jardunaldian Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu beharko du
-
Martinez de Irujok Joseba Ezkurdiaren kontra jokatuko du hurrengo jardunaldian. EiTB.
Juan Martinez de Irujok lehen puntua lortu du Lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan. Iberoko pilotaria 22 eta 13 gailendu zaio Yves Xalaberria 'Xala'ri.
Nafarrak, hala ere, ez du partida batere ondo hasi. Kosta egin zaio jokoan sartzea, eta egoera hori ondo aprobetxatu du Xalak 5-2 aurretik jartzeko.
Baina Irujok 6 tantura berdintzea lortu du, eta, ondoren, 11 tantura. 11 eta 12 aurretik jarri da, lehen aldiz partida osoan, eta hortik aurrera aldea handitu baino ez du egin.
2-11 partziala eginda, 13-22 gailendu da Martinez de Irujo. Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian Joseba Ezkurdiaren aurka neurtu beharko ditu indarrak.