Lau t'erdikoa
Final-laurdenak
Olaizolak erraz gainditu du Irujo Labriten (22-13)
L.E. | eitb.com
Iberokoak ez du partida sasoi betean jokatu, atzamarrean min baitu eta horrek bere jokoa baldintzatu du. Aurkariak alde zabala izan du markagailuan partida osoan: 13-3, 19-10.
Aimar Olaizolak final-laurdenetako ligaxkako lehen garaipena lortu du, Lau t'erdiko txapelketan. Goizuetakoa aise gailendu zaio min hartutako Juan Martinez de Irujori. Iberokoak ostiral goizean hartu zuen jokatzeko erabakia, atzamarrean daukan lesioak zertxobait hobera egin duela ikusita.
Baina Labriten argi geratu da Irujo ez dagoela sasoi betean. Olaizola II. Aurretik jarri da hasiera-hasieratik, sakean bikain ibili baita. Iberokoak lanak izan ditu Goizuetakoaren pilotakadei erantzuteko.
Gauzak horrela, minutu gutxitan Aimarrek alde egin du markagailuan 12 eta 2. Irujok, hala ere, ez du amore eman, eta zenbait tantutan bere jokoaren ohiko kalitatea agertu du, baina Olaizolari estualdirik eragin gabe.
Azkenean, 22 eta 13 Aimar Olaizolaren alde. Ligaxkako lehen puntua erdietsi du Goizuetarrak.