Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Buruz Buruko finala

Jokin Altunak Buruz Buruko bere hirugarren txapela jantzi du, Unai Lasori 22-5 irabazita

L. E. A. | EITB MEDIA

Amezketarra jaun eta jabe izan da Bilboko Bizkaia frontoian jokatutako finalean. Lasok txapelketa osoan galdutako lehen partida izan da.

1:23
Jokin Altuna

Jokin Altunak bere ibilbideko bederatzigarren txapela irabazi du, Buruz Buruko hirugarrena, Bilbon jokatutako finalean Unai Laso 22 eta 5 mendean hartuta.

Aurreikuspenek sakea erabakigarritzat jo dute finalaren atariko egunetan, eta Lasok bere alde izan du partida hasierako zozketan. Nafarrak egin du lehen tantoa, baina aginteak ez dio asko iraun. Banakoaren ostean, Jokinek sake gogorrak eta pozoitsuak egin ditu, bata bestearen atzetik, eta hasperen batean 5-1 aurreratu da.

Partida hasi berria, eta sama gehiegi nafarraren sorbaldetan.

Ondorengo tantoetan, nahieran aritu da Amezketako aztia, lotsagabe eta teknikoki urraturik gabe. Horrela, 9 eta 1eko zuloa egin du markagailuan. 10 eta 1ekoa sakez zuzenean egindako tantoa izan da, nagusitasunez, erraz; min egiten duten horietakoa.

2018ko eta 2021eko Buruz Buruko Txapelketaren irabazleak ez dio 2022koari arnasa hartzeko zirrikiturik utzi. Lasok ez du lekurik izan Bizkaia frontoiko kantxan.

Baikoko pilotariak arazoak izan ditu esku batean, hasierako tantoetan pilotak pare bat aldiz kolpatuta. Horri ere aurre egin behar izan dio Lasok, Altuna erraldoi baten erakustaldiaren erdian.

16 eta 1ekoan aukera izan du Lasok tantoa egin eta neurketaren nondik norakoak aldatzen hasteko, baina gaur dena gaizki atera zaio, eta pilotak kanpoan eman du botea.

Txapelketako lehen porrota

"Segi, ez da bukatu!", esan dio Jon Mariezkurrena botilleroak Baikokoari 19 eta 1ekoarekin. Eta nolabait zer edo zer astindu du, Lasok bigarren tantoa lortu baitu hurrengo jokaldian. 2022ko txapeldunak 5 tanto egitea lortu du, txapelketa osoan galdu duen lehenengo partidan.

Azkenean, 22 eta 5 Jokin Altuna nagusi. Amezketarrak historia egiten jarraitzen du euskal pilotan.

Finala, tantoz tanto:

0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 4-1, 5-1, 6-1, 7-1, 8-1, 9-1, 10-1, 11-1, 12-1, 13-1, 14-1, 15-1, 16-1, 17-1, 18-1, 19-1, 19-2, 19-3, 20-3, 21-3, 21-4, 21-5, 22-5.