Buruz Burukoa
Finalerdia
Unai Lasok Buruz Buruko finala jokatuko du bigarrenez, Javi Zabala mendean hartuta (22-12)
L. E. A. | EITB MEDIA
2022ko txapeldunak aurreikuspenak bere ditu eta errioxarrari aise gailendu zaio Labrit pilotalekuan jokatutako partidan.
Unai Lasok 2024ko Buruz Buruko finala jokatuko du, ekainaren 2an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Nafarra aise gailendu zaio Javi Zabaletari, 22 eta 12, Labriten jokatutako lehen finalerdian.
Lasok bere ibilbide profesionalean Buruz Burukoan jokatuko duen bigarren finala izango da. 2022ko ekitaldian, txapeldun izan zen, Ezkurdia finalean mendean hartuta.
Aurreikuspenek faborito ematen zuten Baikoko pilotaria, eta honek ez du hutsik egin. Lehen tantoetan 4 eta 0eko aldea zabaldu du markagailuan, sakearekin min eginez.
Zabala urduri egon da kantxan, deseroso eta lotuta. 6 eta 3koa izan da berak egindako lehen tantoa. Neurketa gogorra izan da, tanto ikusgarririk gabekoa. Bi pilotariek asko eman dute kantxan, baina huts ugari ere egin dituzte.
Hala ere, Zabalak finalerdia 10 tantora berdintzea lortu du, 8-4 atzetik izan ostean. Itxaropenerako aukera izan du, baina Aspekoak ezin izan du aprobetxatu. Jarraian, Lasok 7-0eko partziala egin du, eta 17 eta 10 jarri da aurretik. Hortxe hautsi du partida nafarrak.
Lasoren huts batek sakea Zabalari eman dio berriro, baina finalerdia oso aldapan gora zuen ordurako errioxarrak.
Azkenean, ez da ezusterako aukerarik izan Labriten, eta Unai Lasok lortu du finalerako txartela. Horren aurkaria igandean, Atano III.ean, Jokin Altunak eta Iñaki Artolak jokatuko duten bigarren finalerditik aterako da.
Partidako tanto guztiak: 1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-3, 6-4, 7-4, 8-4, 8-5, 8-6, 8-7, 9-7, 10-7, 10-8, 10-9, 10-10, 11-10, 12-10, 13-10, 14-10, 15-10. 16-10, 17-10, 17-11, 18-11, 19-11, 20-11, 21-11, 21-12, 22-12.