Buruz Burukoa
Altunari finala irabazita
Elordi, buruz buruko txapeldun
A. B. E. | EITB Media
Aitor Elordi da 2023ko Buruz Buruko Txapelketako irabazlea, finalean Jokin Altuna mendean hartuta, 18-22ko emaitzarekin. Ondorioz, Bizkaiko pilotariak lehenengoz jantzi du banakako txapelketa nagusiko txapela.
Aitor Elordi da 2023ko Buruz Buruko Txapelketako irabazlea, igande honetan, ekainaren 4an, Bizkaia frontoian jokatutako finalean Jokin Altuna mendean hartuta, 18-22ko emaitzarekin. Ondorioz, Mallabikoak (Bizkaia) estreinakoz irabazi du banakako txapelketa nagusia.
Lehen tantoa Jokin Altunak lortu du, sakez (1-0). Aitor Elordik, ordea, azkar erantzun du, bi tanto jarraian eginda (1-2), baina Altunak binakoa jarri du markagailuan (2-2).
Lehen bi berdinketen ostean, Elordik bere hirugarren tantoa egin du (2-3). Ondoren, Altunak zuloa ireki du, bost tanto segidan bereganatuta (7-3).
Maldan gora jarri zaio neurketa Aitor Elordi Mallabiko pilotariari. Hala ere, Amezketakoaren (Gipuzkoa) bolada ona etetea lortu du. Gainera, sakea berreskuratuta, tanto bakarrera hurbildu da (7-6).
Altuna III.ak sufritu egin du aurkariaren momentu onaren ondorioz, baina Elordiren tanto-sorta eten, eta errenta handitu du beste behin (9-6). Bazirudien Jokin Altunak zuela aginte-makila, eta orduan iritsi da Elordiren erantzuna, desabantaila murriztuta (9-8). Gorabehera handiak izan ditu lehiak, eta Altuna iritsi da aurretik lan erdietara (11-8).
Gero, lau tantorainoko errenta erdietsi du amezketarrak (12-8), ordura arteko handiena. Aitor Elordi olatu handietan murgilduta ibili da, baina aurkariak ihes ez egitea lortu du, hiru tanto jarraian eginda (12-11).
Boladaka joan dira tantoak egiten bi pilotariak. Jokin Altuna unerik txarrena pasatzen ari zenean etorri da gipuzkoarraren erantzuna, hiru tantoko zuloa irekita (14-11).
Zailtasunak izan ditu berriro bizkaitarrak, baina beste behin lortu du tanto bakarrera gerturatzea (14-13), eta, azkenean, 14-14koa jarri du markagailuan. Gainera, berdindu ostean, aurretik kokatu da Mallabikoa (14-15). Konfiantza hartu du Elordik bere azken tanto-boladarekin, eta errenta polita lortu du azken txanpari ekiteko (14-18).
Abantaila handitzeko aukera ere izan du Elordik sakearekin, baina bolea kanpora joan zaio (15-18). Segidan, beste tanto bat egin du Altuna III.ak, eta pil-pilean jarri du finala (16-18).
Finala txanpa erabakigarrian sartu da. Aitor Elordik bi tanto erreskadan egin ditu (16-20), baina gantxoz egin nahi zuen 21.ena, eta pilota txapa azpira joan zaio (17-20). Dena den, jarraian, Jokin Altunak kale egin du (17-21), eta txapeletik oso gertu utzi du pilotari bizkaitarra.
Kinka larrian egon da Jokin Altuna, baina Amezketakoak 18. tantoa bereganatu du (18-21). Horrek finala luzatuko zuela ematen zuenean, Altuna III.ak falta egin du sakez, eta Aitor Elordik irabazi du finala (18-22).
Emaitza, tantoz tanto: 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3. 3-3, 4-3, 5-3, 6-3, 7-3, 7-4, 7-5, 7-6, 8-6, 9-6, 9-7, 9-8, 10-8, 11-8, 12-8, 12-9, 12-10, 12-11, 13-11, 14-11, 14-12, 14-13, 14-14, 14-15, 14-16, 14-17, 14-18, 15-18, 16-18, 16-19, 16-20, 17-20, 17-21, 18-21 eta 18-22.