Buruz Burukoa
22-15
Dario jaun eta jabe izan da Ezkurdiaren aurka Buruz Buruko hirugarren postua lortzeko
I. G. | EITB MEDIA
Errioxarra geldiezin ibili da partida osoan zehar eta uneoro atzetik ibiltzera behartu du nafarra. Azken tantoetan erreakzionatu duen arren, beranduegi izan da Ezkurdiarentzat.
Dariok Ezkurdia menderatu du ostiral honetan Ezkarain, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua jokoan zegoen partidan (22-15). Errioxarra geldiezin ibili da partida osoan zehar eta uneoro atzetik ibiltzera behartu du nafarra. Azken tantoetan erreakzionatu duen arren, beranduegi izan da Ezkurdiarentzat.
Lehen tantoa Ezkurdiak egin duen arren, Dario izan da partidako gidoia ezarri duena. Arbizuarra ez da fin ibili akatsez jositako lehen pilotakadetan, eta errioxarrak ihes egin dio markagailuan 12 tanto jarraian eginez (1-12).
Denborak aurrera egin ahala Ezkurdiak ez du hobera egin. Ez ditu izandako aukerak baliatu, hutsegiteekin jarraitu du eta zenbait pilota erraz utzi dizkio aurkariari. Bestalde, Dario oso eroso ibili da frontoian, pilotarekin disfrutatzen eta erritmo bizia ezarriz, aurkaria ez zegoela unerik onenean aprobetxatuz.
Iazko txapeldunordeak bigarren tantoa lortzearekin parekatu da pixka bat jokoa eta bi pilotariak tantoak txandakatzen hasi dira. Baina nafarrak ez du min egiteko gakorik aurkitu eta garaipena gero eta ezinezkoagoa egin zaio (4-17).
Hala ere, Ezkurdiak harro jarraitu du eta hiru tanto jarraian lotu ditu partida partidari bizitasuna emateko (7-17). Baina hortxe bukatu dira arbizuarraren itxaropenak.
Dariok berriz eskuratu du kontrola eta 21erarte joan da zuzenean. Ezkurdiak ez dizkio gauzak erraz jarri azken tantoa egiteko, baina azkenean Dariorena izan da partida, garaipena eta txapelketako hirugarren postua (22-15).