Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

BIZKAIA FRONTOIA (16-22)

Elordi Lasori gailendu zaio, eta Buruz Burukoaren finalaurrekoa jokatuko du, Darioren aurka

EITB MEDIA

Aurrelari bizkaitarra 16-22 nagusitu da, Bilbon, eta, horrenbestez, zehaztuta geratu da zeintzuk izango diren finalerdietako bi partidak: maiatzaren 20an, Iruñean, Jokin Altunak Joseba Ezkurdiaren kontra jokatuko du, eta hilaren 21ean, Gasteizen, Dariok Elordi izango du aurkari.

1:35
Aitor Elordi

Aitor Elordik 16-22 menderatu du Unai Laso ostiral gauean, Bilbon, Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldian, eta, hortaz, txapelketa horretako finalaurrekoetarako sailkatu da. Finalerdian Dario izango du aurkari; partida maiatzaren 21ean jokatuko dute (igandea da), Gasteizen.

Hil ala bizikoa zen partida irabazi du Elordik; izan ere, irabazleak finalerdietarako txartela bermatzen zuen, eta galtzailea, aldiz, txapelketatik kanpo geratzen zen. A multzoan, Jokin Altunak ziurtatuta zuen finalaurrekorako sailkatzea, eta Lasok eta Elordik zuten aukera aurrelari gipuzkoarrarekin batera aurrera egiteko.

Lasok, Buruz Burukoaren egungo txapelduna bera, argi galdu zuen final-laurdenetako lehen jardunaldian Altuna III.aren kontra, 22-9, baina bigarrenean, aldiz, garaipena eskuratu zuen, 22-11, Elezkano II.a mendean hartuta. Elordik, aldiz, final zortzirenetan, 22-11 irabazi zuen Urrutikoetxearen aurkako neurketan, eta laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian, halaber, 22-19 nagusitu zitzaion Elezkanori; bigarren partidan, aldiz, Altuna III.a aurkari zuela, 22-18 galdu zuen, eta, beraz, Laso mendean hartu behar zuen txapela irabazteko aukerari eusteko.

Bilbon jokatutako norgehiagokan, aurrelari mallabiarrak hasieratik agindu du. Estraineko sakea bere alde atera da, eta bikain aprobetxatu du arma hori. Izan ere, lehendabiziko tantoa gogorra izan bada ere, hurrengo ia guztiak saketik eta azkar lortutakoak izan dira bizkaitarrarentzat, zortzira heldu arte (0-8). Alde horrek guztiz baldintzatu du neurketa, aurrelari nafarrak hasierako jokaldia berreskuratu duen alditan ez baita tanto-ilara luzeak sarritan kateatzeko gai izan (bukaera aldera lau egin ditu ilaran, sakea berreskuratu ostean).

Hala, partida erdialdera tanto trukaketarekin iritsi dira, eta hasiera bateko zortzi tantoko alde hori bederatzikoa izateraino iritsi da une batez (7-16). Orduantxe heldu da nafarraren susperraldia, partida galduta zeukala ikusita eta Elordik hastapaneko bizitasuna apalduta zuela aprobetxatuta. Egungo Buruz Buruko txapeldunak arriskuak hartu eta tanto ederrak egin ditu, eta hirura murriztu du markagailuko aldea (16-19). Alabaina bertan geratu da bere ahalegina, Elordik lanean jarraitu baitu urduri jarri gabe, eta sake gaizto bat eramanez eta bi pilotakada eder emanez 20. tantoa erdiesti du bere alde, behin betikoz partidaren ekimena berreskuratu eta 22ra heldu arte.

Horrenbestez, behin betiko zehaztuta dago finalaurrekoetan zein partida izango diren: maiatzaren 20an (larunbata da), Iruñean, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia arituko dira nor baino nor gehiago; biharamunean, hilaren 21ean, Gasteizen, Darioren eta Elordiren arteko partida izango da. Finalerdietako bi partidetan galtzaile irtengo diren bi pilotariek hilaren 28an jokatuko dute elkarren aurka, hirugarren postua lortzeko, eta finalaurrekoetako irabazleek, ordea, ekainaren 4an jokatuko dute final handia, Bilbon. Nabarmentzekoa da, pilotari guztiak Aspe enpresakoak direla.

Markagailua, tantoz tanto: 0-8, 1-8, 1-9, 2-9, 3-9, 3-10, 3-11, 4-11, 5-11, 6-11, 6-12, 6-13, 6-14, 7-14, 7-15, 7-16, 8-16, 9-16, 9-17, 10-17, 11-17, 12-17, 12-18, 12-19, 13-19, 14-19, 15-19, 16-19, 16-20, 16-21, 16-22.