Buruz Burukoa
Lehen finalerdia
Lasok Altuna egungo txapelduna kanporatu du eta Buruz Buruko finalean izango da (17-22)
EITB Media
Nafarra gehiago izan da Bilbon jokatutako finalerdi gogorrean.
Unai Lasok 2022ko Buruz Buruko finala jokatuko du, lehen finalerdian Jokin Altuna egungo txapelduna mendean hartu ostean.
Laso 17 eta 13 izan da atzetik baina bederatzi tanto jarraian egin ditu 22ra iritsi arte. Horrela, nafarra Iruñean jokatuko den final handian izango da. Bertan, Ezkurdiak eta Jakak jokatuko duten bigarren finalerdiaren irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak.
Lasok ondo ekin dio partidari, eta lehen minutuetan 1 eta 5 aurreratu da Altunari kantxan lekua hartzea kosta zaiola aprobetxatuta. Hala ere, amezketarra ez da hasieratik baztertzeko moduko pilotaria, eta bosna egin ostean, egungo txapelduna aurretik jarri da lehen aldiz markagailuan.
Hala ere, Jokinek ez du egunik onena izan. Biek behartu gabeko huts ugari egin dituzte, baina Altuna izan da momentu erabakigarrienetan huts gehiago egin dituena. Dena den, gipuzkoarrak ondo baino hobeto daki horrelako egoerei aurre egiten eta finalerdia bere alde jartzea lortu du, 17 eta 13.
0-9ko partziala
Baina Jokinek dena alde izan duenean etorri da Unai Lasoren susperraldia. Nafarrak 9 tanto egin ditu jarraian, 22ra iritsi arte.
Azkenean 17 eta 22 gailendu da Laso, Altunak Lau T'erdiko finalean emandako kolpearen errebantxa hartuz. Iruñeko finalean, nafarrak Ezkurdia edo Jakaren aurka jokatuko du.