Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Finalerdiak

Altuna gailendu zaio Zabaletari, eta finalean izango da (8-22)

A. A. | EITB MEDIA

Amezketakoak Artola izango du aurrez aurre ekainaren 13ko finalean, Baikokoak Rezusta kanporatu baitzuen lehendabiziko finalerdian.

1:18
Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta

Jokin Altuna Buruz Buruko bere hirugarren finala jokatzeko sailkatu da igande honetan, Bizkaia Frontoian jokatu den finalerdian Jose Javier Zabaleta kanporatu baitu nagusitasun handiz (8-22).

Lehendabiziko sakea ateratzea Altunari egokitu zaio, eta horrek erabat baldintzatu du lehia, Amezketakoa zuzenean joan baita 12. tantoraino, Zabaletak erantzuten asmatu ez dituen zazpi sake kateatu ostean (0-12).

Atzelari nafarra konfiantzarik gabe ikusi da kantxa gainean tarte horretan; gipuzkoarrak, aldiz, uneoro zer egin behar zuen argi zeukala jardun du.

Zabaletak hasierako jokaldia egiteko aukera berreskuratu duenerako finalerdia guztiz desorekatuta zegoen, eta nahiz eta hiru tanto lortu dituen jarraian, garbi zegoen aurrez aurre Altuna sendo bat zeukala.

Lehen atsedenaldi luzearen ostean, ezustean egindako dejada harrigarri batek bere lehen puntua eman dio atzelari nafarrari, eta horrek bigarren zati parekatuago bati ireki dio bidea.

Zabaleta lehian sartu da apurka-apurka eta bere joaren zertzelada batzuk utzi ditu agerian, eta arriskatzen ahalegindu da aldeak murrizten saiatzeko. Hala, gutxienez markagailua zertxobait itxuratzea lortu du takada pare batekin.

Aitzitik, 8-18koarekin Amezketakoak sakea berreskuratu du, eta ez dio aukera gehiagorik eman aurkariari, finalerdia ezker gako batekin bukatuz.

Horrenbestez, ekainaren 13koa Buruz Buruko hirugarren finala izango da Altunarentzat (25 urte) 2018an Aimar Olaizolari irabazi eta iaz Erik Jakaren aurka galdu ondoren. Artolak (26 urte), bere aldetik, lehen aldiz jokatuko du final handia.

Partida, tantoz tanto: 0-12, 1-12, 2-12, 3-12, 3-13, 3-14, 3-15, 3-16, 4-16, 4-17, 4-18, 5-18, 6-18, 7-18, 8-18, 8-19, 8-20, 8-21 eta 8-22.