Buruz Burukoa
Garaipen handia
Iker Irribarria, jaun eta jabe (22-13)
eitb.eus
Aramako ezkerrak aise irabazi dio Mikel Urrutikoetxea iazko txapeldunari. Historia egin du 19 urteko gipuzkoarrak, Buruz Burukoa irabazi duen pilotari gazteena baita.
Iker Irribarria gipuzkoarrak Buruz Buruko txapela irabazi dio Mikel Urrutikoetxea iazko txapeldunari (22-13), Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidan. Irribarriak historia egin du, txapela 19 urterekin irabazita.
Bizkaia pilotalekua lepo bete da; 3.000 ikusle bildu dira. Irribarriak, espero bezala, kolpe bortitzak eman dizkio pilotari, eta ezohiko lasaitasuna agertu du bere adineko pilotari batentzat. Horiek, indarra eta lasaitasuna, izan dira bere garaipenaren gakoak.
Urruti, berriz, ez da eroso egon, eta ez da betikoa izan. Huts ugari egin ditu, eta ezin izan dio aurkariari neurria hartu.
Ondorioz, Aramano ezkerrak Urrutiren lekua hartu du Buruz Burukoaren palmaresean. 1989an jantzi zuen gipuzkoar batek txapela azkenengoz. Josean Tolosa izan zen orduan irabazlea.
Final gogorra
Finala bikain hasi da, goi-mailako hiru tantorekin. Hala ere, erritmoak behera egin du gero, eta momentu batzuetan bi pilotarien hutsak izan dira nagusi. Neurketa Irribarriaren aldeko 0 eta 6ko partzialarekin amaitu da.
Garaipena merezitako saria izan da Aramakoak egindako txapelketa bikaina ikusita. Urruti menderatzeaz gain, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea ere gainditu ditu finalerako bidean, bere debutaren urtean. Beraz, hiru txapelduni irabazi die.
Juan Martinez de Irujok bere garaian egin bezala, Irribarriak bere debutaren urtean irabazi du Buruz Burukoa.
Finaleko tanto guztiak
0-1, 1-1, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4, 2-5, 2-6, 2-7, 2-8, 2-9, 3-9, 4-9, 5-9, 5-10, 6-10, 6-11, 7-11, 8-11, 8-12, 9-12, 9-13, 10-13, 10-14, 10-15, 11-15, 11-16, 12-16, 13-16, 13-17, 13-18, 13-19, 13-20, 13-21, 13-22.
"utf-8">Oso harro gaude gure pelotariak lortu duenaz! | Muy orgullosos de lo que ha conseguido nuestro pelotari #aupaIrribarria
— ASPE Pelota (@ASPEpelota) 29 de mayo de 2016