Buruz Burukoa
Final-zortzirenak
Barriola eta Urrutikoetxea final-laurdenetarako sailkatu dira
Erredakzioa
Leitzako pilotariak 10-20ko markagailua irauli du, eta Retegi Bi 22-20 gainditu du Labriten, eta bizkaitarrak ezustekoa eman du Yves Xala 17-22 gaindituta.
-
Abel Barriola. Argazkia: EiTB
Abel Barriolak 2013ko Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenak jokatuko ditu Aimar Olaizolaren kontra, Retegi Bi 22-20 gainditu ondoren. Leitzakoak 10-20ko markagailua irauli egin behar izan du Labriten, eta garaipen ederra eskuratu du. Mikel Urrutikoetxeak, bestalde, jardunaldiko ezustekoa eman du Yves Xala kanporatu ondoren, eta Mikel Idoateren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Zaratamoko pilotariak partida borobila jokatu du Arrigorriagan, eta 17-22 irabazi du.
Barriola 22 - Retegi Bi 20
Barriola nagusi izan da aurreneko tantoetan (3-1), baina pixkanaka Julen Retegi partidan sartu da, eta markagailuan puntu bakarrera jarri da (9-8). Eratsungo pilotariak markagailua irauli du (10-11), eta Leitzako atzelaria ezinean aritu da Labriten.
Retegi Bi jaun eta jabe izan da Iruñeko frontoian, eta tantoak erraz eskuratu ditu (10-20). Hala ere, Barriolak ez du amore eman, eta leitzarrak 10-0eko partzial ikusgarriarekin norgehiagoka berdindu du (20-20). Abel Barriolak sakea ederki aprobetxatu du 21-20koa jartzeko, eta Nafarroako atzelariak garaipena eskuratu du (22-20).
Xala 17 - Urrutikoetxea 22
Urrutikoetxeak norgehiagoka oso indartsu hasi du, eta markagailuan 1-7koa aise jarri du. Hala ere, Xala pixkanaka partidan sartu da, eta Lekuinekoak markagailua irauli du (10-9), bizkaitarraren akatsak ondo aprobetxatuta.
Iparraldekoa nagusitzen hasi da, eta 14-11koa jarri du markagailuan. Hala ere, Mikel Urrutikoetxeak susperraldia izan du, eta markagailua berriz ere irauli du (14-15). Zaratamoko pilotaria markagailuan goitik mantendu da, (17-18), eta tanto politak eskuratu ditu 17-22koa jartzeko.