Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Binakako finala

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, 2025eko Binakako txapeldunak (22-20)

EITB MEDIA

Igandean Nafarroa Arenan jokatutako finalean, Ezkurdiak eta Rezustak Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena garaitu dituzte, 22-20. Arbizuko aurrelariak hirugarren aldiz jantzi du Binakako Txapelketako txapela, eta Bergarako atzelariak ere hirugarrenez irabazi du Binakakoa.

1:36
Ezkurdia eta Rezusta

Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak irabazi dute 2025eko Binakako Txapelketa, igandean, Nafarroa Arenan (Iruñea), finalean 22-20 menderatu baitituzte Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Horrenbestez, Arbizuko aurrelariak hirugarren aldiz jantzi du Binakako Txapelketako txapela, 2018an eta 2020an ere irabazi baitzuen, eta Bergarako atzelaria ere hirugarrenez gailendu da Binakakoan, 2017an eta 2019an ere nagusitu zelako.

Final oso gogorra izan da, eta lau pilotariek maila oso ona eman dute, indar handiz jokatuta. Gakoak bi izan dira: batetik, Ezkurdiak eta Rezustak hasiera ederra eman diote neurketari, eta, bestetik, Baikoko bikoteak bost aldiz izan du markagailuan tanto bakarrera jartzeko aukera, baina markagailuan 21-19koa izan arte ez du lortu; Artola eta Mariezkurrena 21-20 hurbildu dira, baina hurrengo tantoan Aspekoek garaipena lortu dute, 22. tantoa eginda (22-20).

Nafarroa Arenan giro ikusgarria zela, gorriek bizi-bizi ekin diote finalari, eta lehenengo lau tantoak egin dituzte. Artolak, erremate bikaina eginda, urdinen aurrenekoa egin du, baina Rezustaren horma-biko eder batek berriro eman dio sakea Ezkurdiari. Arbizuarra eta bergararra ari ziren nagusitzen kantxan, baina Mariezkurrenak pilotakada bikaina eman du urdinen hirugarren tantoan; Rezustak, errebotetik, ez du eramaterik izan.

Artola eta Mariezkurrena bi tantora jarri dira (6-8), baina hurrengo tantoan pilota gora joan zaio Berriozarko atzelariari, eta Ezkurdiak eta Rezustak aurkarien bolada ona eten dute, urdinek hiru tanto jarraian egin baitituzte. Handik gutxira, urdinak bi tantora jarri dira berriro, baina gorriek, beste behin, aldeari eutsi diote (11-8).

Partidako une horretan, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak sendotu egin dute abantaila, eta 14-8koa ere egin dute. Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren erreakzioa etorri da ondoren, lau tanto bata bestearen atzean eginda, eta joko bizi-bizia erakutsita. Gorriak 14-12 nagusitzen ari zirenean, Mariezkurrena horma-bikoa egiten saiatu da; pilota kanpora joan zaio, ordea, eta Ezkurdiak eta Rezustak sakea berreskuratu dute.

Finala une erabakigarrian sartu denean, gorriak 17-14 goitik zirela, Artolak eta Mariezkurrena II.ak 15. tantoa egin dute (17-15), eta bira ipini dira berriro. Ezkurdiak eta Artolak beste bi egin dituzte (19-15), eta bergararrari gora joan zaio pilota hurrengo tantoan (19-16).

Gorriak 20-17 gailentzen ari zirenean, Mariezkurrenak ezin izan du eraman Ezkurdiaren sakea (21-17), eta arbizuarrak eta Rezustak tanto bakarrera zuten txapela. Artolak eta berriozartarrak ez dute amore eman, eta emozioa jarri dute, markagailuan 21-20koa jarrita. Azkenean, Jon Mariezkurrenak ezin izan du pilota eraman (22-20), eta horrela amaitu da finala, gorriak txapeldun zirela.

Markagailua, tantoz tanto:

1-0/2-0/3-0/4-0/4-1/5-1/6-1/7-1/7-2/7-3/8-3/8-4/8-5/8-6/9-6/10-6/10-7/10-8/11-8/12-8/13-8/14-8/14-9/14-10/14-11/14-12/15-12/16-12/17-12/17-13/17-14/17-15/18-15/19-15/19-16/19-17/20-17/21-17/21-18/21-19/21-20/22-20.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • LR.
  • IG.
  • AL.
  • AS.
  • AZ.
  • OG.
25 18:00 - 19:30 SASKIBALOIA | Bilbao Basketi harrera Bilboko udaletxean
25 19:00 - 21:30 ZESTA-PUNTA | Iron Cup
26 22:10 - 00:30 PILOTA | B Serieko Buruz Burukoa: Agirre vs Zubizarreta III // Salaberria vs De La Fuente

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…
  • kargatzen