Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Finala

Salaberria eta Gaskue, Bigarren Mailako Binakako txapeldunak

G. P. A. | EITB Media

Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek 18-22 menderatu dituzte Julen Egiguren eta Iñigo Bikuña, B Serieko Binakako Txapelketako finalean. Emozio handikoa izan da Labriten jokatu duten partida.

1:08
Binakako Txapelketa

Iker Salaberria eta Andoni Gaskue dira Bigarren Mailako Binakako txapeldunak, finalean Julen Egiguren eta Iñigo Bikuña menderatuta (18-22). Txapelketa abiatu zenean, ez ziren faborito nagusiak, baina sasoirik onenean heldu dira finalera, eta txapela jantzi dute azkenean.   

Finalerdietako ligaxkan gertatutakoa ikusita, finala irekia izango zela espero zen, eta hala izan da. Gorriek hobeto ekin diote lehiari, eta urdinei kostatu egin zaie euren mailarik onena ematea, baina, edonola ere, markagailuan parekatuta joan dira hasieran.

Egiguren V.a eta Bikuña nagusi sentitu dira, baina Salaberria eta Gaskue konfiantza handiarekin iritsi dira hitzordu erabakigarrira, eta lehiakor aritu dira, partidan erabat sartuta, atzetik joan arren.

Horrela, bada, zortzi tanto jarraian egiteko gai izan dira, eta 6-11 ipini dira aurretik. Gainera, lehen atsedenaldiaren ondoren, zuloa handitu dute (9-17), eta finala bideratuta utzi dute.

Dena galduta zutela uste zutelako edo, gipuzkoarrak lasaiago aritu dira gero, akats gutxiago eginda, eta, pixkanaka-pixkanaka, tantoak pilatuz joan dira, aldea tanto bakarrera murriztu arte (16-17). Horrenbestez, dena airean zegoela iritsi dira neurketaren azken txanpara.

Emozioa eta tentsioa azkeneraino izan dira, baina bikote nafarrak abantaila sufrimenduz kudeatzen jakin du, eta Egigurenek eta Bikuñak ezin izan dute emaitza irauli, besteak beste, aurkariek baino hutsegite gehiago egin dituztelako. Horrela, Salaberria eta Gaskue 18-22 gailendu dira.

Partida, tantoz tanto: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 6-6, 6-7, 6-8, 6-9, 6-10, 6-11, 7-11, 7-12; (lehen atsedenaldia) 7-13, 8-13, 8-14, 8-15, 8-16, 9-16, 9-17, 10-17, 11-17, 12-17, 13-17, 14-17, 15-17, 16-17, 16-18; (azken atsedenaldia) 16-19, 17-19, 17-20, 17-21, 18-21, 18-22.