Binakakoa
Nafarroa Arenan
Etxeberria eta Zabaleta Binakako txapeldun, final epikoa irabazita (20-22)
EITB MEDIA
Jokin Altuna eta Julen Martija mendean hartu dituzte partida gogor eta oso lehiatu batean. Zabaletaren bosgarren txapela da Binakakoan, eta Zenozko aurrelariaren lehenengoa profesional moduan.
Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta dira 2024ko Binakako Txapelketako txapeldunak, Jokin Altuna eta Julen Martija Iruñean jokatutako finalean 20 eta 22 mendean hartuta.
Final epikoa, lehiatua eta oso gogorra jokatu dute lau pilotariek, indarrak azkenera arte hustu dituzte. Aurrez aurre izan dira hasierako ligaxkako bigarren bikoterik onena (Etxeberria eta Zabaleta, 14 jardunaldietan 9 garaipen lortuta) eta hirugarren bikoterik onena (Altuna eta Martija, 14 jardunaldietan 8 garaipen lortuta). Urdinak finalerdietan jokatutako hiru partidak irabazita iritsi dira finalera; gorriak, aldiz, hirutik bi irabazita, eta Altunak finalerdietako azken partidan erakustaldia emanda.
Horrela, finalak pronostiko irekia izan du.
Etxeberria eta Zabaleta bikain hasi dira, jokoaren agintea hasierako tantoetatik hartuta. 0 eta 3 aurreratu dira. Zenozko aurrelaria azkar eta ausart aritu da aurrean, eta garaipena garesti saltzeko asmoa argi eta garbi agertu dute Nafarroa Arena pilotalekuko kantxan.
Zabaleta oso seguru izan da atzeko aldean, eta Peiori erabateko babesa eman dio neurketa osoan zehar. 3 eta 5ekoa finalaren adierazle ederra izan da: tanto luzea, oso gogorra, eta azken hasperenera arte lehiatutakoa. Jokin Altunak bukatu du, maisuki.
Final osoan sei berdinketa izan dira, 5-5ekoa lehenengoa, eta 14nakoa, azkena. Hor hasi da, hain zuzen, finala aldatzen.
Zabaletak eta Martijak atzean izan duten lehia erabakigarria izan da. Norgehiagokaren bigarren zatian, Peiok ausardia galdu du, eta tantoak bukatzerakoan besoa ateratzea kostatu zaio. Altunak ere ez du betiko kolpea izan. Amezketako aztiak sufritu egin du.
Etxarrengo atzelaria, aldiz, ikusgarri aritu da; oso ziur, alde guztietara mugituz eta pilota gehienetara iritsiz. Horri eta gorriek egindako zenbait hutsi esker, urdinak 14 eta 21 jarri dira aurretik, 0 eta 7ko partziala eginda. Finala erabakita zirudien, baina Etxeberriak eta Zabaletak azken tantora arte sufritu behar izan dute txapela janzteko.
Gorrien erreakzioa
Adorea eta lehiakortasuna soberan dutela erakutsi dute Altunak eta Martijak, eta aurkarien aldea murriztea lortu dute: 20 eta 21 hurbildu dira, 6 eta 0eko partziala eginda. Baina, azkenean, txapelak urdinek jantzi dituzte. 20 eta 22 gailendu dira Etxeberria eta Zabaleta. Bosgarren txapela da Etxarrengo atzelariarentzat, bikotekide ezberdin batekin irabazita guztiak, eta lehenengoa Etxeberriarentzat profesional mailan.
Final handia jokatu dute laurek, Nafarroa Arenan bildu diren ia 3.000 ikusleren gozamenerako.
Finala, tantoz tanto:
0-1, 0-2, 0-3, 1-3, 2-3, 2-4, 2-5, 3-5, 4-5, 5-5, 6-5, 7-5, 7-6, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 9-9, 9-10, 9-11, 9-12, 9-13, 10-13, 11-13, 12-13, 13-13, 14-13, 14-14, 14-15, 14-16, 14-17, 14-18, 14-19, 14-20, 14-21, 15-21, 16-21, 17-21, 18-21, 19-21, 20-21, 20-22.