Binakakoa
Emakume Master Cup
Arrizabalaga eta Erasun, Binakako txapeldun
EITB MEDIA
22 eta 16 menderatu dituzte Etxegarai eta Gaminde, Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatutako finalean.
Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun dira 2024ko Emakume Master Cupeko Binakako txapeldunak. Gernika-Lumoko aurrelaria eta Zizurkilgo atzelaria nagusi izan dira Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminderen aurka Arrasaten jokatutako final handian, 22 eta 16 gailenduta. Ondorioz, Arrizabalagak bosgarren txapela jantzi du; Erasunek, berriz, lehenengoa.
Final oso orekatua eta estua aurreikusita zegoen, eta hori izan da, hain zuzen, Arrasateko Uarkape pilotalekura gerturatutako ikusleek ikusi eta gozatu dutena. Ez da gutxiagorako izan, aurrez aurre izan baitira egungo aurrelari onena, Arrizabalaga, eta atzelaririk onenetarikoa, Gaminde.
Urdinen estrategia argia izan da hasieratik: Olatzen jokoa errotik moztea eta Erasun pilotakada bortitzekin zigortzea. Horri eutsi diote, eta finala oso estu joan da lehen tantoetatik. Olatzek bizirik mantendu du bikote gorria, eta Erasun aurkarien erasoei nola edo ahala eusten saiatu da.
Gauzak horrela, markagailuan alde txikiak izan dira batzuen eta besteen artean, bi tantokoa gehien jota, eta finala bizirik eta zabalik izan da azkenera arte.
Urdinak 13 eta 15 joan dira aurretik, partida eta txapela bideratzeko egoera oso onean, baina gorriek emaitza irauli dute, eta 18 eta 15 jarri dira aurretik. Ordurako, Itxaso Erasunek lekua hobeto hartuta zuen atzean, konfiantza gehiagorekin aritu da, eta horrek hegoak eman dizkio bikote gorriari.
20 eta 16koarekin finala erabakita zegoen da, eta txapelak ez die ihes egin Arrizabalaga eta Erasuni. 22 eta 16 gailendu dira, eta gernikarrak bere ibilbideko bosgarren txapela jantzi du, jokatutako zazpigarren finalean.
Finala, tantoz tanto:
1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 8-6, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-9, 10-10, 11-10, 11-11, 11-12, 11-13, 12-13, 12-14, 13-14, 13-15, 14-15, 15-15, 16-15, 17-15, 18-15, 18-16, 19-16, 20-16, 21-16, 22-16.