Mikel Urrutikoetxeak Iñaki Artola ordezkatuko du, ostegunean, 2024ko Binakako Txapelketako play-offeko partidan, Tolosan. Iñaki Artolak, gastroenteritisak jota, Baikok iragarri duenez, ezingo du jokatu Beotibarreko neurketan; bertan zehaztuko da zein den Binakako Txapelketako finalerdietarako sailkatzen den hirugarren bikotea, eta, horrenbestez, Urrutikoetxeak eta Ander Imazek eta Jokin Altunak eta Julen Martijak izango dute jokoan txartel hori. Hirugarren aldiz Binakako Txapelketa honetan jokatuko du Urrutikoetxeak. Aurreko bietan, final laurdenetako ligaxkan, atzelari gisa jokatu zuen, Unai Lasorekin batera. Aurrenekoan, Lasok eta Urrutikoetxeak hain zuzen ere Altuna III.a eta Martija menderatu zituzten, 22-20, Bilbon. Osteguneko partida erabakigarria da. Bikote irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da, zuzenean; Jaka-Mariezkurrena II.a eta P.Etxeberria-Zabaleta bikoteak finalerdietan daude, dagoeneko. Galtzaileek, ordea, beste aukera bat ere izango dute, igandean; Peña II.a-Albisu edo Elordi-Rezusta izango dituzte aurkari.