Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

PLAY-OFFA

Laso eta Imaz finalerdietara sailkatu dira P. Etxeberria eta Rezusta garaituta

I. G. | EITB MEDIA

Galtzaileek azken txartela lortzeko beste aukera bat izango dute igandean Peña eta Mariezkurrenaren aurkako partidan, azken horiek Urrutikoetxea eta Albisu menderatu ondoren play-offean.

1:32
Laso eta Imaz

Unai Lasok eta Ander Imazek Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkarako txartela lortu dute ostiral honetan, Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta garaitu ondoren (22-21) Zornotzan jokatu duten play-offeko partidan. Bestalde, Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak aurreko partidako galtzaileen aurka jokatuko dute igande honetan, Bizkaia Frontoian, hurrengo faseko azken postua bereganatzeko, Zumaian jokatutako partidan nagusi irten ondoren Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisuren aurka (22-10). Igandeko partida zuzenean eskainiko da eitb.eus-en eta ETB1en, 17:00etan.

Lehen partidan, Etxeberria eta Rezusta izan dira agintzen hasi direnak, haienak izan baitira lehen tantoak. Gorriak markagailuan aurrea hartzen saiatu dira, baina Rezusta sendo ibili da atzean eta Peiok abiadura eman dio pilotari tantoak bereganatzeko (3-6). Erritmo horrekin igaro dira partidako lehen minutuak: bikote batek egindako tanto bakoitza besteak erantzun du. Izan ere, partidako alderik handiena bost tantokoa izan da, 7-12koan.

Baina hortik aurrera gauzak aldatu egin dira. Lasok eta Imazek bost tanto egin dituzte jarraian partida berdintzeko eta jokoaren kontrola hartzeko. Urdinak urduri jarri dira, eta pilota errazen bat ere alferrik galdu dute, partida maldan gora jarriz (16-14).

Partidako azken tantoetara oso berdinduta iritsi dira bi bikoteak (19-19), eta tanto bakoitzak urrea balio zuen. Jokoa azken tantoraino luzatu dute. Azkenean gorriak atera dira nagusi eta hurrengo faserako lehen txartela eskuratu dute (22-21).

Zumaian, berriz, oso bestelako partida ikusi ahal izan da. Peña eta Mariezkurrena oso indartsu aritu dira hasieratik eta ez diete inolako aukerarik eman Urrutikoetxea eta Albisuri.

Gorriak ez dira fin ibili, eta ordu erdira aldea dagoeneko zazpi tantokoa zen (3-10), eta ez zirudien joera aldatzeko aukerarik zegoenik. Are gehiago, aldea handitzen joan da gutxinaka eta azken emaitzarekin 12 tantoraino luzatu da (22-10). Peñak 11 tanto egin ditu, momentu onean dagoela erakutsiz.

Emaitza horiekin, Laso eta Imaz finalerdietako ligaxkara igaro dira, eta Etxeberriak eta Rezustak sailkatzeko beste aukera bat izango dute igande honetan, martxoak 5, Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren aurkako partidan. Urrutikoetxea-Albisu bikotea txapelketatik kanpo geratu da.

Etxeberria-Rezusta bikotea sailkapen nagusiko hirugarren postua lortuz iritsi dira play-offera, Laso eta Imaz laugarren geratu zirelarik. Peñak eta Mariezkurrenak bosgarren postua poltsikoratzea lortu zuten, eta Urrutikoetxea eta Imazentzat izan zen seigarren postua.

Ondorioz, Ezkurdia-Martija, iazko txapeldunak, eta Jaka-Aranguren bikoteak txapelketatik kanpo geratu ziren. Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa bikoteak, aldiz, automatikoki igaro ziren hurrengo fasera lehen bi postuetan gelditzeagatik.