Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

ASTEBURU HONETAN

Zornotzak, Zumaiak eta Bilbok hartuko dituzte Binakako play-offak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Asteburu honetan erabakiko da zein bikote sailkatuko diren txapelketako finalerdietako ligaxkan Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa bikoteekin batera aritzeko.

1:22
Binakako Txapelketa

Behin Binakako Txapelketako hasierako ligaxka amaituta, play-offetako neurketen txanda iritsiko da asteburu honetan, eta lehia horiek Zornotza, Zumaia eta Bilboko pilotalekuetan jokatuko dira. Play-off horiek gainditzen dituzten bi bikoteek dagoeneko finalerdietarako ligaxkarako sailkatuta dauden Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa bikoteekin bat egingo dute.

Lehenengo bi partidak ostiralean jokatuko dira, martxoaren 3an. Hala, Amorebieta IV.a pilotalekuan Etxeberria-Rezusta eta Laso-Imaz izango dira aurrez aurre, hau da, lehendabiziko ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Norgehiagoka horretan, bigarren faserako sailkapen zuzena izango da jokoan; izan ere, irabazleek finalerdietarako txartela lortuko dute.

Bere aldetik, galtzaileek, bigarren aukera bat izango dute bi egun geroago, igandean, Bilboko Bizkaia Frontoian. Hain zuzen ere, Zumaiako Aitzurin jokatuko den ostiraleko beste lehiatik irabazle ateratzen den bikotea izango dute aurkari orduko horretan, hots, Peña-Mariezkurrena edota Urrutikoetxea-Albisu, ligaxkan bosgarren eta seigarren tokian amaitu duten bikoteetako bat, hain justu.

Halaber, Pilotako Enpresen Ligak baieztatu du Iruñea, Gasteiz, Eibar eta Bilbo izango direla finalerdietako ligaxkako norgehiagoken agertokiak, martxoaren 11n, 12an, 18an, 19an, 25ean eta 26an. Labritek larunbatez jokatuko diren partida guztiak hartuko ditu.