Binakakoa
BINAKAKO TXAPELKETA
Eskirozek Peñarekin batera jokatuko du hamargarren jardunaldian ere
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzelari nafarrak lesionatuta dagoen Jon Mariezkurrena ordezkatuko du berriro. Atzelari titularra ezin izango da itzuli Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldian.
-
Iosu Eskiroz Binakakoan jokatu zuen lehen partida eta gero. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Iosu Eskiroz nafarrak berriro hartuko du Jon Mariezkurrena lesionatuaren lekua datorren ostiralean Hendaiako pilotalekuan jokatuko den Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiko partidan, Baiko Pilotak baieztatu duenez.
Mariezkurrenak ezin izan zuen jokatu iragan asteburuan, eskuin eskuan mina zuelako, eta Eskirozek ordezkatu zuen. Jon Ander Peñarekin batera, Unai Laso eta Ander Imazen aurka jokatuko du oraingoan. Atzelariak lehen mailako Binakakoan jokatu zuen lehen partidan erantzun bikaina eman zuen Jaka-Arangurenen aurka garaipena lortuz (22-15).
Binakakoaren hamargarren jardunaldi honek larunbatean jarraituko du saio bikoitzarekin. Iruñeko Labriten Elordi-Zabaleta liderrek Etxeberria-Rezusta bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak eta Bilboko Bizkaian, berriz, Ezkurdia-Martija eta Altuna-Tolosa bikoteen arteko norgehiagoka izango da.
Jardunaldia igandean itxiko da Errioxako Agoncillo herrian, Urrutikoetxea-Albisu eta Jaka-Aranguren bikoteen arteko partidarekin.