Binakakoa
LESIOA
Altuna III.a, baja Binakako Txapelketako lehen jardunaldian
A. A. | EITB MEDIA
Amezketako aurrelariaren ordez Danel Elezkano arituko da asteazkenean Eibarren.
-
Jokin Altuna Lau t´erdiko finalean. Argazkia: EFE
Jokin Altuna baja izango da asteazken honetan Eibarko Astelena pilotalekuan, Binakako Txapelketako lehen jardunaldia itxiko duen partidan, Aspe enpresak astelehen honetan ohar baten bidez jakinarazi duenaren arabera.
Amezketako aurrelariak min hartu zuen eskuineko eskuan duela astebete, Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu zuen Lau t 'erdiko finalean, hain zuzen ere. Arbizukoaren aurkako neurketa bukatzeko gai izan bazen ere, ezin izan da osatu Binakakoaren estreinaldirako.
Aipatu oharrean, Aspek gaineratu du Altuna III.ak "proba bat" egin duela Amezketako pilotalekuan eta bere sentsazioak "negatiboak" izan direla. Horrenbestez, pilotariak "masajeak" hartzen jarraituko du eskuan, eta beste proba bat egingo du txapelketako bigarren jardunaldiari begira, bere kasuan abenduaren 6rako aurreikusita dagoena.
Elezkano II.a, bere ordezkoa
Horrela, Danel Elezkanok beteko du Altuna III.ak libre utzitako lekua, Xabi Tolosarekin batera, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikotea garaitzen saiatzeko asmoz.