Binakakoa
15-22 Bizkaia pilotalekuan
Titinek eta Merinok finala irabazi eta txapela Errioxara eraman dute
Erredakzioa
Errioxako bikoteak Xala eta Laskurain 15-22 mendean hartu ditu finalean, Bizkaia pilotalekuan. Merino indartsu azaldu da atzeko koadroetan eta erabakigarria izan da garaipen errioxarrean.
Titinek eta Merinok Xala eta Laskurain 15-22 mendean hartu dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan, arratsaldean, jokatutako Binakako Txapelketaren finalean. Errioxako pilotariak aurkariak baino hobeak izan dira hasieratik. Merinok neurketa aparta jokatu du eta Titinek bikotekide gaztea garaipenera gidatu du.
Gorriek euren estrategia argi zuten hasieratik eta Titin gainetik pasatzen saiatu dira, jokoa Merinorengan kargatuz. Hala ere, urdinek gorrien jokoa indarrik gabe utzi dute, izan ere, Errioxako atzelaria oso sendo azaldu da atzeko koadroetan.
Horrela, Errioxako aurrelariak aukerako pilotak izan ditu aurreko koadroetan eta Titinek ez du barkatu. Hala eta guztiz ere, Xalak eta Laskurainek ez dute sekula etsi.
Soraluzeko atzelaria atzealdean nagusi izaten saiatu da, baina Villar de Torreko pilotariak behin baino gehiagotan sorbalda erakutsi dio Laskuraini.
Partida erdialdera Errioxako bikoteak abantaila hartu du markagailuan eta norgehiagoka hautsi egin da (7-14). Merinok atzean eutsi eta aurkaria menperatu du, eta Titinek tantoa ongi amaitu du aurrean.
Lapurdiko aurrelariak eta Gipuzkoako atzelariak saiatzen jarraitu dute, baina Xalaren huts batzuek erreakzioa ezinezko egin dute. Aurrelari gorria beldurti azaldu da eta pilotarik ez du apenas arriskatu.
Titinek eta Merinok arazo fisikoekin amaitu dute partida. Atzelariak aldageletara joan behar izan du azken tantoa jokoan jarri baino lehen, baina itzuli egin da garaipena lortzeko.