Binakakoa
FINALERDIETAKO LIGAXKA
Laso eta Imaz izango dira finalean, Altuna eta Martijarekin batera
A. A. | EITB MEDIA
Baikoko bikoteak 16 tanto egin behar zituen finalerako eskubidea bereganatzeko, eta ez du aparteko zailtasunik izan helburu nagusia erdietsi eta partida irabazteko (6-22).
Unai Lasok eta Ander Imazek osatzen duten bikotea Binakako Txapelketako finalera sailkatu da igande honetan. Baiko enpresako bikoak 16 tantora iritsi behar zuen Jokin Altunaren eta Julen Martijaren aurkako neurketan, txapelketako finalerdietako ligaxkari amaiera eman diona, hain zuzen ere, eta hala egin dute.
Norgehiagoka hasi aurretik euren aurkariak dagoeneko ziurtatu zuten finalean izango zirela, ondorioz, Laso eta Imazengan zegoen jarrita lehiako presio osoa, baina ondo jakin dute hura kudeatzen.
izan ere, erabat agintzen kantxaratu dira Astelenako pilotalekura, beste martxa batekin Aspeko bikotearekin alderatuta, eta azkar zabaldu dute zuloa markagailuan, batetik Laso eraginkor ibili delako, eta, bestetik, aurkariek bere mailatik behera jardun dutelako (1-5 eta 2-10).
Uneoro izan dira aurretik Baikokoak, eta Elezkano II.ak eta Zabaletak finalera sailkatzeko izan zitzaketen itxaropenak (Laso eta Imaz 16. tantora ez iristea behar zuten) laster geratu dira zapuztuta, norgehiagoka ziztu bizian geratu baita erabakita urdinen alde (3-14, 5-16 eta 6-22).
Horrenbestez, apirilaren 3an Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko den Binakako final handian gaurko protagonista berak izango dira berriro aurrez aurre.
PARTIDAKO EMAITZA TANTOZ TANTO: 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 1-5, 2-5, 2-6, 2-7, 2-8, 2-9, 2-10, 3-10, 3-11, 3-12, 3-13, 3-14, 4-14, 4-15, 5-15, 5-16, 5-17, 5-18, 5-19, 6-19, 6-20, 6-21 eta 6-22.