Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Behin betiko erabakia

Binakako finala ez da igandean jokatuko

eitb.eus

Euskadiko Auzitegi Nagusiak Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija bikoteen arteko partida ez dela jokatuko esan du.

1:06
EAEko Auzitegi Nagusiak igandeko Binakako finala atzeratzea erabaki du

Binakako Txapelketari dagokion finala igande honetarako zegoen jarria, baina ez da finalik jokatuko, horrela erabaki baitu Euskadiko Auzitegi Nagusiak.

Erabakia hartu behar duen epaileak, batzuen eta besteen argudioak aztertzeko denbora gehiago eskatu du. Hartu bitarte kautelazko neurria hartu du, finala atzeratuz.

Salaketa horren inguruko epaia itxaroten egon dira pilotariak eta zaleak, eta bi egun falta direnean final handia jokatzeko jakin da behin betiko erabakia. Epaileak sindikatuaren eskaera onartuko ez balu, etzi jokatuko litzateke finala Bizkaia Frontoian Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija bikoteen artean, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

ELA sindikatuaren balorazioa:

"Ebazpenak aintzatesten du pasa den larunbateko finalerdietan greba eskubidea urratu zenaren zantzu nahikoa badagoela.

Datorren iganderako aurreikusita zegoen binakako finala ez da jokatuko. Hala agindu du gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAri jakinarazi zaion ebazpenean irakurri daitekeenez, sindikatuak eskatutako kautelazko neurriei oniritzia eman die epaileak eta finala bertan behera uztea agindu du.

ELAk finalerditako partidaren aurkako demanda ezarri zuen Auzitegian, eta demanda horren erantzuna jaso bitartean kautelazko neurri batzuk hartzeko eskatu zuen. Orain epaia heldu arte itxaron beharko da, behin betiko jakiteko ea Auzitegiak pasa den larunbateko finalerdietan Agirre eta Albisuren greba eskubidea urratu zela aintzatesten duen ala ez.

Langileek eta ELAk pozez hartu dute gaurko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, baina berriro ere azpimarratu nahi dute gatazka honen irtenbidea ez dagoela epaitegietan, negoziazio mahaian baino. “Egoera hau ez da erosoa inorentzat, eta argi utzi nahi dugu gure ateak zabalik daudela beti fede onez negoziatzeko. Baikori eskatzen diogu grebaren eta langileen aurkako jarrerak albo batera utz ditzala eta eser dadila negoziatzera akordio batera heldu arte”, baieztatu dute.