Binakakoa
14 jardunaldiren ostean
Amaitu da ligaxka eta erabakita daude playoffak
Erredakzioa
Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, Artola eta Imaz izango dituzte aurka. Bestalde, Altuna III.a eta Galarza lehiatuko dira Lasoren eta Albisuren aurka.
-
Jaka eta Zabaleta, Binakako Txapelketako ligaxkako liderrak. Argazkia: EiTB
Hamalau jardunaldiren ostean, bukatu da jada Binakako Txapelketako ligaxka. Bi bikote zuzenean sailkatu dira finalerdietara, lauk lortu dute playoffetarako txartela, eta beste bi geratu dira kanporatuta.
Jaka-Zabaleta bikoteak amaitu du lehen postuan, finalerdietarako txartela eskuratuz. Gainera, astearte honetan aise irabazi diote Peña II.ari (Artolaren ordezkoa) eta Imazi (22-10). Bigarren izan dira Ezkurdia eta Martija, hauek ere finalerdietan egongo direlarik, nahiz eta azken jardunaldian galdu egin zuten Urrutikoetxearen eta Olaizola II.aren aurka (22-14).
Hirugarren postuan amaitu duten Artolak eta Imazek izango dituzte aurkari Olaizola II.a eta Urrutikoetxea, playoffetan, azken hauek seigarren postuan amaitu baitute ligaxka. Finalerdietarako txartelaren bila ariko dira bi bikote hauek otsailaren 29an, Labrit pilotalekuan.
Sailkapen nagusiko laugarren postuan amaitu du Altuna III.a-Galarza bikoteak, eta bosgarren izan diren Lasoren eta Albisuren aurka lehiatuko dira playoffetan, martxoaren 1ean, Astelena frontoian. Altuna III.ak eta Galarzak porrotarekin itxi zuten ligaxka, azken sailkatuak izan diren Bengoetxea VI.aren eta Mariezkurrenaren aurka (22-19) porrota jasota.
Txapelketako ezusteko handiena izan da Irribarriak eta Rezustak osatzen zuten bikotea kanporatuta geratzea. Gainera, Iker Irribarria azken jardunaldian txapelketatik baztertzea erabaki zuen Aspe enpresak, aurrelariak espero zuten joko-maila ez zuelako eskaini. Danel Elezkanok ordezkatu zuen, baina Rezustak ezin izan du playoffetarako sailkapena lortu Elezkano II.arekin ere ez. Elezkano II.ak eta Rezustak galdu egin zuten azken jardunaldian Lasoren eta Albisuren aurka (18-22), eta aurrera egiteko aukerarik gabe geratu ziren.
BINAKAKO TXAPELKETAKO SAILKAPENA |
||||||
Bikoteak | Partidak | Tantoak | ||||
Jok. |
Irab. | Ald. | Kont. | +/- | ||
1. |
Jaka-Zabaleta | 14 | 12 | 304 | 194 | +110 |
2. | Ezkurdia-Martija | 14 | 9 | 282 | 259 | +23 |
3. | Artola-Imaz | 14 | 8 | 263 | 251 | +12 |
4. | Altuna III.a-Galarza | 14 | 7 | 260 | 268 | -8 |
5. | Laso-Albisu | 14 | 6 | 274 | 281 | -7 |
6. | Olaizola II.a-Urrutikoetxea | 14 | 6 | 237 | 270 | -33 |
7. | Irribarria-Rezusta | 14 | 5 | 253 | 272 | -19 |
8. | Benoetxea VI.a-Mariezkurrena | 14 | 2 | 226 | 304 | -78 |