Binakakoa
1. JARDUNALDIA
Asteburu honetan hasiko da finalerdietako ligaxka
eitb.eus
Larunbatean, Elezkano II.a-Rezusta eta Victor-Albisu bikoteak Labriten arituko dira. Igandean, berriz, Altuna III.ak eta Martijak Astelenan jokatuko dute Irribarriaren eta Zabaletaren aurka.
-
Elezkano eta Rezusta, final-laurdenetako liderrak. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako irudia
Asteburu honetan hasiko da 2019ko Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka, martxoaren 9an eta 10ean jokatuko diren lehen bi neurketekin, betiere apirilaren 7an Bizkaia Frontoian lehiatuko den final handia helburu izanik.
Iruñeko Labritek hartuko du larunbateko partida, eta bertan izango dira nor baino nor gehiago Elezkano II.a-Rezusta eta Victor-Albisu bikoteak. Azkenean, Ezkaraiko aurrelaria izango da Jon Ander Albisurekin arituko dena, lesionatuta dagoen Aimar Olaizolaren ordez, final-laurdenetako azken bi partidatan egin legez.
Egun bat geroago, Eibarko Astelena pilotalekuan jardungo dute Altuna III.ak eta Martijak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra.
Finalerdietako bigarren eta hirugarren jardunaldiak asteburu honen ostean datozen bi asteburuetan jokatuko dira, hau da, martxoaren 16an eta 17an eta martxoaren 23an eta 24an.
Horietako lehendabizikoan, lehenengo jardunaldiko bi bikote galtzaileak izango dira aurrez aurre Labriten, martxoaren 16an. Batak zein besteak ia ezinbestekoa izango dute garaipena lortzea, azken jardunaldira finalera sailkatzeko aukerekin iritsi nahi baldin badute.
Bere aldetik, martxoaren 17an, estreinako jardunaldiko garaileek neurtuko dituzte indarrak Bilboko Bizkaia Frontoian. Partida honetako irabazleek finalean izateko aukerak ia erabakita utz ditzakete euren alde.
Hirugarren eta azken jardunaldiko neurketak Labriten eta Atano III.a (Donostia) frontoietan jokatuko dira. Larunbatean, martxoaren 23an, Labriten, eta, martxoaren 24an, igandean, Donostian.