Binakakoa
11. JARDUNALDIA
Gero eta hautagai gehiago laugarren postuaren borrokan
eitb.eus
Lau bikotek laugarren tokian sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute ligaxka bukatzeko hiru jardunaldi falta direnean.
Laugarren postua zein bikotek eskuratuko duen da Binakako Txapelketak une honetan daukan interesgune nagusiena, aurreneko hiru postuek dagoeneko jabea dutela ematen baitu.
Horrenbestez, Jokin Altunak eta Julen Martijak 22-14 irabazi zioten Victor Esteban eta Andoni Aretxabaletari, igandean, Bizkaia Frontoian. Hartara, euren bosgarren puntua eskuratu zuten eta asko areagotu zituzten sailkapeneko laugarren tokia lortzeko aukerak.
Jardunaldia ireki zuen norgehiagokan, dagoeneko finalerdietara sailkatuta dauden Elezkano II.ak eta Rezustak erraz gailendu zitzaizkien Bengoetxea VI.a eta Imazi (22-15), Urdulizen. Azken horiek, dena-dela, lau puntu dituzte; ondorioz, oraindik aukerekin jarraitzen dute.
Larunbatean, Iruñean, Irribarria-Zabaleta (zazpi puntu) bikoteak urrats garrantzitsua eman zuen hurrengo fasean egoteko bidean, Artola eta Mariezkurrena II.ari 22-15 irabazita. Gainera, garaipen horrekin bigarren postura igo ziren; izan ere, Olaizola II.a eta Albisuk galdu egin zuten euren neurketa Ezkurdia eta Galarzaren aurka (22-11). Partida horretako irabazleek, berriz, txapelketako laugarren puntua poltsikoratu zuten, eta, hartara, bizirik diraute finalerdietan izateko eskubidea ematen duen azken txartel horren borrokan.
12. jardunaldia
Ligaxkako hamabigarren jardunaldia ostiral honetan hasiko da bi lehiarekin. Tafallan Bengoetxea VI-Imaz eta Urrutikoetxea-Aretxabaleta izango dira aurrez aurre. Azpeitian, aldiz, Ezkurdiak eta Galarzak osatutako bikoteak Irribarria eta Zabaleta edukiko dituzte aurkari.
Larunbatean, Iruñean, Altuna III-Martija eta Elezkano II-Rezusta bikoteek neurtuko dituzte euren indarrak. Azkenik, igandean, Gasteizko Ogueta pilotalekuak Olaizola II.a-Albisu eta Artola-Mariezkurrena II.a bikoteen arteko norgehiagoka hartuko du.
2019ko Binakako Txapelketako sailkapena 11. jardunaldia amaitu ostean:
BIKOTEA | IRABAZITA | ALDE | KONTRA | +/- | |
1. | Elezkano II.a - Rezusta | 9 | 224 | 158 | +66 |
2. | Irribarria - Zabaleta | 7 | 220 | 175 | +45 |
3. | Olaizola II.a - Albisu | 7 | 211 | 195 | +16 |
4. | Artola - Mariezkurrena II | 6 | 198 | 192 | +06 |
5. | Altuna III.a - Martija | 5 | 198 | 219 | -21 |
6. | Ezkurdia - Ladis Galarza | 4 | 190 | 204 | -14 |
7. | Bengoetxea VI.a - Imaz | 4 | 173 | 209 | -36 |
8. | Urrutikoetxea - Aretxabaleta | 2 | 174 | 236 | -62 |