Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Finalerdien atarian

Binakako txapelketak amaiera eman dio lehen faseari

EITB.EUS

Nahiz eta hasierako jardunaldietan bikoteen artean berdintasuna egongo zela ematen zuen, ligaxka behar baino lehen geratu zen erabakita.

1:54

Eskuz binakako txapelketak bere lehen fasea amaitutzat jo du astelehen honetan ligaxkako azken partidarekin, zeinetan Urrutikoetxea-Galarza bikotea aise gailendu zaion Bengoetxea-Larunbe bikoteari Tolosako Beotibarren.

Jokatu diren 14 jardunaldien ostean, finalerdietan aritzeko txartela lortu duten lau bikoteak Elezkano II-Rezusta (12 garaipen), Altuna III-Martija (10), Ezkurdia-Zabaleta (8) eta Olaizola II-Imaz (7) izan dira.

Txapelketako hastapenean bikoteen arteko lehian nolabaiteko berdintasuna egongo zela zirudien arren, azken txanpa mami larregirik gabe geratu da; izan ere, bi jardunaldiren faltan erabakita zeuden zein lau bikotek egingo zuten aurrera hurrengo fasean jarduteko.

Halaber, hainbat bikotetan izan diren aldaketa ugariak bukatu berri den ligaxkako ezaugarrietako bat izan dira, bai pilotarien lesioek hala behartuta, bai enpresek hartutako erabaki teknikoak direla medio.

Finalerdietako ligaxka, martxoaren 10etik aurrera

Jakin ahal izan denez, martxoko bigarren asteburuan (hilaren 10ean eta 11n) ekingo diote finalerdietako ligaxkari jokatzeari Iruñean eta Donostian (Atano III.a pilotalekuaren irekitze berriarekin bat eginez, zenbait hilabetez itxita egon ostean).

Astearte honetan jakinaraziko dute Asegarce eta Aspe enpresek txapelketako bigarren zati horri dagozkion xehetasun gehiago.

 

Lehenengo fasearen azken sailkapena:

1 - ELEZKANO II - REZUSTA        12

2 - ALTUNA III - MARTIJA           10

3 - EZKURDIA - ZABALETA            8

4 - OLAIZOLA II - IMAZ               7

5 - URRUTIKOETXEA - GALARZA    6

6 - VICTOR - ALBISU                   5

7 - BENGOETXEA VI - LARUNBE     4

8- IRRIBARRIA - MERINO II           4