Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Finalaurrekoa

Irujo-Barriola finalera, Iberokoaren partida borobilari esker

Leire Etxazarra | eitb.com

Partida hirunakoaren ostean hautsi da, urdinen nagusitasunaren ondorioz (22-8). Olaizola II.a eta Aretxabaleta izango dituzte aurrez aurre gaurko irabazleek, maiatzaren 4ko finalean.

1:29

Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak merezimendu osoz lortu dute Binakako Txapelketako finalerako sailkatzea. Bikote urdina aise nagusitu zaie Xalari eta Zubietari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 22 eta 8.

Partida berdinduta joan da lehen tantoetan, hasiera gogorra eta oso borrokatua izan da. 2 eta 3koa noren alde jausiko zen erabakitzeko, 92 pilotakada eman behar izan dituzte pilotariek. Zubietak sasoiko zirudien, astean zehar sukarrak jota ibili arren, eta Xala ondo eusten ari zitzaion Irujori aurreko koadroetan. Baina ilusio hutsa izan da.

Hiruna egin ostean hasi da Juan Martinez de Irujoren erakustaldia. Iberokoak partida hautsi, Xala kantxatik desagerrarazi eta Zubieta pilotakada bortitzak bidaliz zigortu du.

Barriolak lanak erraztu dizkio Iberokoari, atzean sendo eta serio arituta, eta laster zabaldu dute lehen alde esanguratsua markagailuan (3-12).

Nahi bezala

Xala desagertuta zebilen, ezinean, amore eman ez duen arren, baina ezin izan dio Irujori aurre egin. Ondorioz, neurketa paseoa izan da urdinentzat: nahi bezala aritu dira, oztopo barik.

Azkenean, 22 eta 8ko emaitza markagailuan, Irujoren eta Barriolaren alde. Maiatzaren 4ko finalean txapelketako beste bikote faboritoa izango dute zain: Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta. Irujorentzat seigarren finala izango da; Barriolak, aldiz, lehenengoz jokatuko du Eskuz Binakako Txapelketako finala.

Partidako tanto guztiak:

1-0, 2-0, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 3-5, 3-6, 3-7, 3-8, 3-9, 3-10, 3-11, 3-12, 4-12, 4-13, 4-14, 5-14, 5-15, 6-15, 6-16, 6-17, 7-17, 8-17, 8-18, 8-19, 8-20, 8-21, 8-22.