Binakakoa
10. jardunaldia
Irujok eta Ceciliok zortzigarren puntua lortu dute
Erredakzioa
Ezusteko handirik ez bada, Aspeko bikotea Binakakoaren finalerdietan izango da, igande honetan Urrutikoetxeari eta Beroizi 22 eta 15 irabazi ostean.
Martinez de Irujok eta Ceciliok zortzigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketan. Aspeko bikotea Urrutikoetxea eta Beroizi gailendu zaie 22 eta 15 Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako partidan.
Gorriek kontrolpean izan dute neurketa hasiera-hasieratik. Hiru tantura berdindu ostean, aldea zabaltzen hasi dira, Beroizek atzeko aldean egindako hutsak aprobetxatuta, batez ere.
Gauzak horrela, 15-7 aurreratu dira, eta 19-10 ere izan dira aurretik. Momentu horretan, urdinek zertxobait hobetu dute jokoa eta aldea murrizten hasi dira. Baina, berandu. Garaipenak jabea zuen jada: 22 eta 15, Irujoren eta Cecilioren alde. Ceciliok Barriolaren lekua bete du, leitzarraren arazo fisikoen ondorioz.
Finalerdietan, ezusterik ez bada
Gauzak horrela, eta beste munduko ezusterik ez bada, Irujo eta Barriola finalerdietan izango dira, Aimar Olaizolak eta Andoni Aretxabaletak osatutako bikotearekin batera.
Finalerdietako beste bi postuetarako sei bikote daude borrokan oraindik. Aukerarik gehien Titin III.a – Merino II.a eta Xala – Zubieta bikoteek dituzte, bosna garaipenekin.
Lau punturekin, aldiz, Urrutikoetxea – Beroiz eta Bengoetxea VI – Zabala daude.