Binakakoa
Adarragan
Titinek eta Merino II.ak urrezko puntua lortu dute (22-19)
Erredakzioa
Errioxako bikoteak 22-19 gainditu ditu Xala eta Zubieta Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Urdinek akats gehiegi egin dituzte partidako azkenengo tantoetan.
Titinek eta David Merinok hirugarren puntua lortu dute Binakako Txapelketan, Xalari eta Zubietari 22-19 irabazita. Errioxarrek garaipena behar zuten sailkapeneko azken postutik irteteko, eta gorriak Lekuineko aurrelaria eta Etxarriko atzelaria baino gehiago izan dira, tanto erabakigarrietan batez ere.
Aspeko bikote errioxarrak ondo hasi du neurketa (4-1), baina Xalak eta Zubietak azkar erantzun dute Titinen bi akats ongi aprobetxatuta (4-4). Urdinek eroso jokatu dute Adarragan, eta Lekuineko aurrelariak tanto politak lortu ditu (4-7).
Titinek akats garrantzitsuak egin ditu aurrean, eta Xalak eta Zubietak 4-11koa jarri dute markagailuan. Errioxako bikotea garaiz suspertu da (8-11), eta Iparraldeko aurrelariak eta Nafarroako atzelariak ezin izan dute aldea handitu (10-12).
Hala ere, Titinek eta Merinok ezin izan dute markagailua irauli, Xalak eta Zubietak ondo eutsi baitute (13-15). Gorriek neurketa berdindu egin dute (15-15), eta agintzen hasi dira (17-15). 19-16koaren ostean, Xalak eta Zubietak 19-18koa jartzea lortu dute, baina Errioxako bikoteak garaipena lortu du (22-19).