Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Elkarrizketa 'Faktoria'n

Berasaluze II.a: 'Une gogorrak bizitzen ari naiz, baina hobeto nago'

Erredakzioa

Pilotari bizkaitarrak lesio larria izan zuen Binakako Txapelketako finalean, eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan hitz egin du Berrizeko kirolariak.

  • Pablo Berasaluze eta Itxaso Sanchez. Argazkia: EiTB

    Pablo Berasaluze, Itxaso Sanchez bere fisioterapeutarekin. Argazkia: EiTB

Pablo Berasaluzek lesio larria izan zuen Binakako Txapelketako finalean, eta sei hilabeterako baja izango da. Lesionatu zen egunetik hilabete pasa da, eta Berrizeko pilotaria erreabilitazio lanetan murgilduta dago. Egunero Durangotik Gasteizera joaten da fisioterapia egiteko. Berasaluze II.ak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan hitz egin du.

"Nahiko ondo sentitzen naiz. Goizero Gasteizera nator erreabilitazioa egitera. Fisioekin oso pozik nago, lan handia egiten dute, eta oso gustora egoten naiz beraiekin", esan du Berasaluze II.ak.

Lesionatu zen momentua ikusi duela aitortu du, eta Berrizeko pilotariari gogorra egiten zaio une hori ikustea: "Lesionatu nintzen unea ikusten dudanean, oso gogorra egiten zait. Pena handia eman zidan. Finala zen, Bilbon...Ilusio handia nuen, eta pena handia eman zidan jokatzen ez jarraitzeak. Hilabate pasa da jada, jendeak babes itzela eman dit, eta horrekin geratzen naiz".

Min hartu zuen unea nola bizi izan zuen ere azaldu du Pablo Berasaluzek 'Faktoria' saioan: "Lesionatu nintzenean min handia sentitu nuen. Medikua etorri zen, eta zerbait hautsita nuela esan nion. Medikuak agian ez nuela ezer apurtuta izango esan zidan, baina aldageletan azterketa egin zidan, eta haustura nuela baieztatu zidan. Une latza izan zen".

Lesioak inoiz ez dira momentu onean iristen, baina Pablo Berasaluzeri bere kirol ibilbideko unerik gozoenean iritsi zitzaion: "Oso ondo ibili naiz, eta ondoen ibili naizen unean iritsi zait lesioa. Gainera, final batean gertatuta gogorragoa egiten da". Erreabilitazio prozesua oso gogirra da, eta Berasaluze II.ari luze egiten zaizkio egunak: "Egunak luze egiten zaizkit. Goizero Gasteizera noa, eta fisioekin azkar pasatzen zait denbora. Arratsaldea, ordea, luzeago egiten zait. Trakets ibiltzen naiz oraindik, bota ortopedikoekin eta makuluekin. Ondoriz, etxean igarotzen dut denbora gehiena. Lagunak eta neska-laguna nirekin egoten dira, eta laguntza handia eskaintzen didate".