Binakakoa
20-22
Arretxek eta Beginok txapelketako lehen puntua lortu dute
Erredakzioa
20-22ko emaitzarekin irabazi dute Berasaluze VIII-Albisu bikotearen aurka jokatu duten Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida.
Iker Arretxek eta Aritz Beginok Binakako Txapelketako lehen puntua eskuratu dute Pablo Berasaluze-Jon Ander Albisu bikoteari 20-22 irabazita. Berasaluze VIII.a eta Albisu garaipena lortzetik gertu egon ziren lehen jardunaldiko partidan, baina 22-21 galdu zuten Bengoetxea VI-Beroiz bikotearen aurka. Gaur ere, markagailu estuarekin galdu dute.
Partidako lehen tantoa Berasaluzek eta Albisuk lortu zuten, baina jarraian aurrea hartu zuten Arretxek eta Beginok (1-4). Ondoren, partida parekatu zen, eta hiru berdinketa eman ziren (4-4, 5-5 eta 6-6). Berdinketa segida honen ostean, abantaila polita hartu zuten Arretxe II.ak eta Beginok (7-11 eta 9-14).
Berasaluze eta Albisu une txarra pasatzen ari ziren, baina suspertu egin ziren, eta partida berdintzea lortu zuten (15-15). Berdinketak indarra eman zien Berasaluzeri eta Albisuri. Ondorioz, aurretik jarri ziren 17-15eko emaitzarekin. Une txarra Arretxe II-Begino bikotearengana pasa zen, baina hauek ez ziren etsita geratu, eta hamazazpina berdintzea lortu zuten (17-17).
Hamazazpinakoa izan zen partidako azken berdinketa. Arretxe II.ak eta Beginok abantaila hartu zuten norgehiagokako azken txanpan, eta hiru tantoko abantaila eskuartu zuten (18-21). Bazirudien urdinek erraz lortuko zutela garaipena, baina Berasaluzek eta Albisuk azken unera arte borroka egin zuten. Pablok eta Jon Anderrek markagailua estutu zuten (20-21), eta emozioa eman zioten lehiari. Arretxe eta Begino, ordea, ez ziren urduri jarri, eta garaipenak ez zien ihes egin (20-22).