Itxi

kirolak

TENISA

Rafa Nadalek tenis profesionala utziko duela iragarri du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Manacorreko tenis-jokalariak bideo batean azaldu duenez, Davis Koparen finalean jokatuko du azken aldiz, azaroan, Malagan.

  • Rafa Nadalen artxiboko irudia, 2024ko Roland Garrosen

    Rafa Nadalen artxiboko irudia, 2024ko Roland Garrosen. EFE

Rafa Nadal tenis-jokalari balearrak tenis profesionala utziko duela jakinarazi du ostegun honetan. Hogeita bi Grand Slam irabazi dituenak bideo baten bidez eman du erabakiaren berri; horren arabera, azaroan jokatuko den Davis Kopako finaletan jokatuko du azken aldiz, Malagan, azaroan.

"Tenis profesionala utziko dut. Azken bi urteak zailak izan dira, ez bainaiz gai izan mugarik gabe jokatzeko. Erabaki zaila da eta denbora behar izan dut, baina bizitzan denak du hasiera eta amaiera, eta momentu egokia da ibilbide luze eta uste baino arrakastatsuago honi agur esateko", esan du Nadalek bideoan.

Manacorreko kirolariak Davis Kopa amaitutakoan utziko du tenisa: "Ilusio handia egiten dit azken torneoa Davis Kopako Finala izateak, eta nire herrialdea ordezkatzeak. Ibilbidea borobilduko dut, 2004ko Sevillako finala izan baitzen nire lehen pozaldietako bat", adierazi du.

20 urteko ibilbidea

Nadalek (Manacor, 1986) 92 garaikur eskuratu ditu 20 urteko ibilbidean: lehena 2004ean eskuratu zuen, Polonian.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, 14 Roland Garros, Ameriketako Estatu Batuetako lau ireki, bi Wimbledon eta bi Australiako Ireki, bi urre olinpiko eta bost Davis Kopa.