kirolak
Paris 2024, Eguneko laburpena
Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia abuztuaren 2an, ostirala
EITB MEDIA
Euskal kirolariek ostiral honetan, abuztuak 2, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzen laburpena: arrauna, golfa, waterpoloa, 3x3 saskibaloia, eskubaloia, piraguismoa eta surfa.
-
Nadia Erastorbe. Argazkia: EFE
SURFA
Nadia Erastorbek eta Joan Duruk diploma olinpikoa lortu dute, final-laurdenetan kanporatu baitituzte.
Zarauztarrak Matsuda Shino japoniarra gaindituta lortu zuen final-laurdenetarako txartela, baina Tatiana Weston-Webb brasildarrak kanporatu du. Joan Duru Baionako surflariak, bestalde, ezin izan du Kauli Vaast frantziarra gainditu.
Joan Duru (Argazkia: EFE)
BELAR-HOCKEYA:
Chefo Basterra eta Rafa Vilallonga euskal kirolariek galdu egin dute Espainiako selekzioarekin Herbehereetakoaren kontra jokatutako partida, 5-3ko emaitzarekin. Beraz, Espainia multzoko laugarren postuan geratu da, baina final-laurdenetarako txartela eskuratu du.
Vilallonga, Basterra besarkatzen, hark gola sartu ostean. Argazkia: EFE
ARRAUNA, LEMAZAINIK GABEKO BIKOA:
Esther Brizek diploma olinpikoa lortu du lemazainik gabeko bikoan, Aina Cidekin batera, B finala irabazita. Orotara, Briz eta Cid zazpigarren sailkatu dira.
Cid eta Briz, B finalean. Argazkia: EFE
SASKIBALOIA (3x3):
Gracia Alonso bizkaitarrak garaipena bereganatu du Espainiako selekzioarekin Australiaren aurka (17-21). Horrenbestez, Espainiak jarraian galdutako bi partidako bolada txarra eten du.
Bestalde, Hortense Limouzin lapurtarrak galdu egin du Frantziako selekzioarekin Alemaniaren kontra jokatutako partida, 21-30eko emaitzarekin.
Gracia Alonso senideak agurtzen, Austrlia menderatu ostean. Argazkia: EFE
ESKUBALOIA:
Kauldi Odriozola, Garciandia eta Sergey Hernandez euskal jokalariek porrot egin dute Alemaniaren aurka (33-31) Espainiako selekzioarekin. Horrela, Espainiak Kroazia menderatu beharko du igandean, final-laurdenetara sailkatzeko.
Alemaniaren aurka galduta, Espainiak hil edo biziko partida jokatuko du Kroaziaren aurka. Argazkia: EFE
GOLFA:
Jon Rahmek goranzko bidea hartu du. Barrikakoak egin beharrekoa egin du, eta lehen eguneko emaitza hobetu du 5 parretik behera eginda; beraz, parretik behera 9 kolpe daramatza.
Horrela, Matsuyama japoniarrak, Xander Schauffele estatubatuarrak eta Tommy Fleetwood ingelesak (11 parretik behera) partekatzen duten lehen postutik 2 kolpera geratu da.
Jon Rahm, bigarren jardunaldian. Argazkia: EFE
SASKIBALOIA:
Espainia Olinpiar Jokoetatik at geratu da, Kanadaren aurka 88-85 galduta. Horrenbestez, amaitu da Dario Brizuela eta Xabier Lopez-Arostegui euskal jokalarien ibilbide olinpikoa.
Espainiako jokalariak zaleak agurtzen, Kanadaren aurka galdu ondoren. Argazkia: EFE
FUTBOLA:
Espainiako selekzioak 0-3 irabazi dio Japoniari, Parisko Olinpiar Jokoetako final-laurdenetako partidan, Fermin Lopezek (2) eta Abel Ruizek sartutako golei esker, eta, ondorioz, dominak bereganatzeko lehian izango dira Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco futbolari euskal herritarrak. Maroko izango dute aurkari datorren asteleheneko finalurrekoan.
Fermin Lopez, Japoniari sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE
SASKIBALOIA (3X3):
Saskibaloiko 3x3 modalitateko Espainiako emakumeen selekzioa Kanadari gailendu zaio (22-20), Sandra Ygueravidek luzapenean egindako saskiratze ikusgarri bati esker. Sei partidatatik lau irabazita, Espainiak bideratuta dauka txapelketako bigarren fasea.
Gracia Alonso de Arminio jokalari bilbotarraren taldea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, zortziko multzoan lehenengo edo bigarren tokian geratuz gero. Bigarrenetik seigarrenerako postuetan sailkatzen diren taldeek, berriz, final-laurdenetan lehiatuko dira.
Bestalde, Frantziak 13-14 galdu du Alemaniaren aurka eta, ondorioz, Olinpiar Jokoetatik kanpo geratuko da Hortense Limouzin jokalari lapurtarraren taldea, jokatutako sei partidatatik bakarra irabazi baitu.
Gracia Alonso jokalari bizkaitarra bere taldekideekin garaipena ospatzen. Argazkia: EFE