Itxi

kirolak

Paris 2024, Eguneko laburpena

Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia uztailaren 30ean, asteartea

EITB MEDIA

Euskal kirolariek astearte honetan, uztailak 30, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzen laburpena: arrauna, belar-hockeya, saskibaloia, eskubaloia, futbola, piraguismoa, ur-poloa eta surfa.

  • Pau Echaniz. Argazkia: EFE

    Pau Echaniz. Argazkia: EFE

PIRAGUISMOA

Miren Lazkano eta Pau Echaniz gipuzkoarrek eslalon piraguismoaren finalerdietarako txartela lortu dute.

Lazkano izan da lehiatzen lehena eta hamabosgarren geratu da, 109.49ko denborarekin lehenengo seriean eta 113.60koarekin bigarrenean. Bestalde, Echanizek ere aurrera jarraitzen du hamabigarren geratu ondoren, 87.84ko denborarekin lehen seriean eta 88.37koarekin bigarrenean.

Pau Echaniz. Argazkia: Basque Team

Pau Echaniz. Argazkia: Basque Team

UR-POLOA

Espainiako gizonezkoen ur-poloko selekzioak Hungariari irabazi dio (10-7) Parisko Joko Olinpikoetako txapelketako multzoen faseko bigarren jardunaldian. Alberto Munarriz nafarrak sartu ditu bere taldeari garaipena eman dioten goletako bi.

Bi hamarkada baino gehiago ziren espainiarrek ez ziotela Hungariari gizonezkoen ur-poloan irabazten Olinpiar Jokoetan, Munduko Jokoetan edo Europakoetan. Beraz, garaipena, kanporaketetarako sailkapen on baterako bidea errazteaz gain, moralaren bultzada da taldearentzat, Parisen dena lortzeko aukerekin jarraitzen baitute.

Alberto Munarriz Hungariaren aurkako partidan. Argazka: EFE

Alberto Munarriz Hungariaren aurkako partidan. Argazka: EFE

HIRUKO SASKIBALOIA

Hiruko saskibaloian Espainiako selekzioa garaipenarekin estreinatu da Parisen Azerbayanen aurka irabazita (18-16), Vega Gimeno buru duen taldeak, hasiera parekatu baten ondoren, erdialdetik aurrera nagusi izaten jakin duen partidan. Gracia Alonso bilbotarraren debuta ere izan da, bere taldearen 18 puntuetatik 5 sartu dituelarik. Azerbayanek, batez ere, Concordia plaza monumentalean altxatutako estadio iragankorrean Espainiaren bultzadari erantzuteko egindako hutsegiteak ordaindu ditu.

Bestalde, Hortense Limouzinen Frantziako selekzioak porrot egin du Txinaren aurka (19-21). Lapurdiko jokalariak sei puntu lortu ditu bere taldearentzat.

Gracia Alonso, Azerbaijanen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Gracia Alonso, Azerbaijanen aurkako partidan. Argazkia: EFE

SURFA

Nazioarteko Surf Elkarteak astearte honetan jakinarazi du Nadia Erostarbe eta Joan Duru jokatzekoak ziren surf dominen final-laurdenak eta finalerdiak bertan behera geratu direla, Tahitiko Teahupoo hondartzako eguraldi eskasagatik. Lehiaketa atzeratu egin dute "kolore gorriko kode batengatik".

Kolore gorriko kode batek, surfa bezalako diziplinetan, gutxienez 24 orduko etena dakar uretako jarduera guztietan. Beraz, surf olinpikoaren itxiera uztailaren 31ra arte atzeratu da.

Joan Duru, aurreko jardunaldian. Argazkia: Basque Team

Joan Duru, aurreko jardunaldian. Argazkia: Basque Team

SASKIBALOIA

Dario Brizuelak eta Xabier Lopez-Arosteguik irabazi egin dute Espainiako saskibaloi selekzioarekin Greziaren kontrako partidan, olinpiar jokoetan jokatzen duten bigarren neurketan. Lopez-Arostegui getxoztarra hasierako boskotean kantxaratu da, eta Brizuelak hiru puntu gehitu ditu markagailua, Espainiak sartutako 11 hirukoetatik bat saskiratuta.

Scariolok gidatzen dituen gizonek ondo jokatu dute defentsan. Halaber, kanpoaldeko jaurtiketei esker, aldea areagotzen joan dira, eta bigarren zati bikaina egin dute. Azkenik, 84-77 irabazi dutenez, lehian bizirik mantenduko dira. Kanada izango dute aurkari ostiral honetan.

Dario Brizuela, Greziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Dario Brizuela, Greziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

FUTBOLA

Espainiako futbol selekzioak galdu egin du Egiptoren aurka (1-2), 40. eta 62. minutuetan Ibrahim Adelek sartutako bi golen ondorioz. Samu Omorodionek 90. minutuan egindako golak ez du partidari buelta emateko balio izan. Hala ere, Espainia C multzoko bigarren postuan sailkatu da final-laurdenetara. Lyonen jokatuko ditu final-laurdenak, D multzoko lehen sailkatuaren aurka.

Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz hasierako hamaikakoan sartu dira. Pachecok partida osoa jokatu du eta bere akats batek bigarren gola eman dio Egiptori.

Aimar Oroz eta Beñat Turrientes Egiptoren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Aimar Oroz eta Beñat Turrientes Egiptoren aurkako partidan. Argazkia: EFE

ESKUBALOIA

Espainiako eskubaloiko selekzioa Parisko Jokoetatik kanporatuta geratzeko zorian dago, Herbehereen aurka aurreko faseko hirugarren partida galdu ondoren (29-24). Gainera, astearte honetan baieztatu da Maitane Etxeberriak ez duela Jokoetan jarraituko zuntz haustura baten ondorioz.

Lysa Tchaptchet nafarraren -gol bat sartu du- taldeak ondo eutsi dio talde laranjaren erritmoari lehen ordu laurdenean, baina lehen zatiko eta bigarren zatiaren hasierako 5-0eko bi partzialek ezerezean utzi dute haien ahalegina.

Tchaptchet, Angolaren aurkako aurreko partidan. Argazkia: EFE

Tchaptchet, Angolaren aurkako aurreko partidan. Argazkia: EFE

ARRAUNA

Virginia Diaz arraunlariak banakako sculleko finalaurrekoetarako sailkatu da astearte honetan Parisko olinpiar jokoetan, final laurdenetako seriean hirugarren lekuan geratu baita. Laugarren iritsi da probaren erdialdera, hirugarren postutik lau segundora, baina hortik aurrera, erritmoa estutu eta amaiera bikaina burutu duenez, ez du arazorik izan hirugarren sailkatzeko, Emma Twig zeelandaberritarraren eta Aurelia-Maxima Katharina Janzen suitzarraren aurretik iristeko.

Virginia Diaz, banakako scull mailako final laurdenean. EFE

Virginia Diaz, banakako scull mailako final laurdenean. EFE

BELAR-HOCKEYA

Rafael Vilallongak gol bat sartu du Espainiako belar-hockey selekzioak astearte honetan Frantziaren aurka berdindutako partidan. A multzoko neurketa jokatu dute, final laurdenen aurreko fasean. Basque Teameko jokalariaren gola hirugarren laurdenaren hasieran iritsi da.

Bestetik, Chefo Basterrak zenbait aukera izan dituen arren, ez du asmatu. Bi jokalariak hasierako taldean zelairatu dira. Emaitza horrekin, taldeak puntu bakarra gehitu du olinpiar jokoetako hirugarren hitzorduan. 

Rafael Vilallonga, Frantziaren kontra sartutako gola ospatzen. EFE

Rafael Vilallonga, Frantziaren kontra sartutako gola ospatzen. EFE