Itxi

kirolak

SENTENTZIA

UEFAk eta FIFAk Superligari jarritako betoaren aurka egin du Europako Auzitegiak

EITB MEDIA

Horrez gain, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du FIFA eta UEFA euren "nagusitasunezko egoeraz" abusatzen ari direla.

  • Real Madrileko jokalariak, partida batean.

    Real Madrileko jokalariak, partida batean. Argazkia: EFE

Futbol talde batzuek, tartean Real Madrilek eta Bartzelonak, Superliga bat antolatzeko asmoari UEFAk eta FIFAk jarritako betoa "legez kanpokoa" dela adierazi du gaur Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko areto nagusiak. 

Horrez gain, Europako Auzitegi Gorenak ohartarazi du FIFA eta UEFA euren "nagusitasunezko egoeraz abusatzen" ari direla, antolatzen dituzten lehiaketetatik eratorritako eskubideen ustiapen komertzialaren gaineko kontrol esklusiboarekin. 

Orain, dagokion herrialdeko auzitegiek erabakiko dute kasuan kasu, ezarritako arauak arrazoituak eta proportziozkoak diren zilegi diren helburuetarako.

Hala erantzun du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko areto nagusiak Belgikako Royal Antwerp taldeak eta jokalari batek hainbat arauren aurka jarritako helegitearen harira auzitegi batek egindako eskariari. UEFAk, esate baterako, taldearen herrialde berean -talde horretan edo federazio horretako beste talde batean- hezitako zortzi jokalari izatea eskatzen du. 25 jokalari arteko taldea izan daiteke, eta horietatik lau klub horretan hezitakoak izan behar dira. 

Belgikako Federazioak, aldiz, zortzi jokalari horiek taldean bertan hezitakoak izatea eskatzen du. Salaketa jarri zutenen argudioen arabera, arau horiek ez dute ahalbidetzen bertakoak ez diren taldekideak fitxatzea; hortaz, langileen zirkulazio askea bermatzen duten Europako legea urratzen dute. 

"Futbola doan guztiontzat"

Superliga sistema aurkeztu duen A22 enpresako kontseilari delegatu Bernd Reichartek "doako futbola" iragarri du txapelketako partidekin, eta "liskarra saihestea" eta "futbolaren familiarekin" hitz egitea espero du.

"Klubak indartsuago bihurtu nahi ditugu, euren etorkizuna erabaki baitezakete. Ikuspuntu ekonomikotik indartsuago egitea, Europan parte hartzeak indartsuago egiten baititu beren lehiaketa nazionaletan", esan du agerraldi batean.

"Kirol-meritua egongo da. Lehiaketa irekia da. Lehiaketa bizia izango da. Klubak txapelketa honetarako sailkatu daitezke eta ordainketa solidarioak ditugu, gaur egun dagoena baino hiru aldiz gehiago", gaineratu du.

"Lan eta elkarrizketa gehiago behar da klub eta ligekin xehetasunak argitzeko. Kluben eskutik joan behar da. Igoera liga guztietara irekita egon beharko litzateke eta liga guztietako kirol lorpenekin lotuta", amaitu du.

Liga irekia?

Alexander Ceferin UEFAko presidenteak A22 Sports Management enpresak aurkeztutako Superliga sistema errefusatu du ostegun honetan, proiektuaren aldeko epaia ezagutu ostean, eta "2021ean aurkeztutakoa baino itxiagoa" dela ziurtatu du.

"Leicester, Girona, Atalanta eta beste talde txikiago batzuk ezin izango lirateke sailkatu. Lehiaketa irekia deitzen diote, baina oso oker daude", adierazi du, "pozten nau argi eta garbi lehiaketa itxi bat eskaintzen ari direla ikusteak, hori baita hasiera-hasieratik genekiena, baina orain publikoki jakina da ", gaineratu du, zale ingelesak "zonbi liga" deitzen hasi direla adieraziz.

"Hala eta guztiz ere, ez gara geldiarazten saiatuko, ez dugu inoiz nahi izan. Askotan esan dugu nahi dutena sor dezaketela. Espero dut ahalik eta lasterren bi kluben arteko lehiaketa hastea", esan du ironi beteaz Ceferinek.