Beste kirolak
1.270 kilometro Hego Polorako
Naturgas/BBK transantartika: 350 kilometro hiru egunetan
Erredakzioa
Espedizioak auurrera darrai pazientzia handiz eta sekulako trebetasuna erakutsiz sastrugiz jositako lur-eremu amaigabean.
-
Naturgas/BBK transantartika. Argazkia: BAT Basque Team
Espedizioaren 26. eguna. Hegoa 78º.24 Ekialdea 13º.10. NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 espedizioak aurrera darrai pazientzia handiz eta sekulako trebetasuna erakutsiz sastrugiz jositako lur-eremu amaigabean. Asteazkenean derrigorrezko geldialdia egin eta gero, haize falta zela eta, ostegunean kometak atera eta "hegaldi" ikusgarria burutu zuten 8 orduz 133 kilometro betetzeko. Espedizioa hasi zenetik markarik onena erdietsi zuten mendizaleek.
Aldeko haizeak jarraitu zuen hurrengo egunetan baina antartikako plateau-ak hamaika ezusteko gordetzen ditu: sastrugi amaigabeak, metro beteko sakonera zeukaten zuloak eta pitzadura mordoa. Hau da, zailtasunak bata bestearen atzetik eskiak eta kometak erabili ahal izateko. Mikel Zabalzak argi azaltzen du berarekin izandako hartu-emanean. "Ostiralean 124 kilometro egin genituen eta larunbatean 86. Gehiago egiteko baldintzak genituen baina zoruak ez digu lagundu. Abiadura hartzen dugu baina sastrugiek asko zailtzen duten guztia. Oso elur gogorra da eta azkar joan ezkero aurrez aurre egiten duzu topo hauekin; metro betekoak dira batzuk eta hanka apurtzeko arriskua handia da. Kolpe bat edo beste hartu dugu eta azkenean lasaiago joatea erabaki dugu abiadura murriztuz"
Albertorentzat pazientzia da hitza, "luzeak eta neketsuak dira egunak, esfortzu handikoak eta egunaren amaieran ematen du ez dugula apenas aurrera egin. Pazientzia ariketa da. Haizea alde dugunean ahalik eta ondoen aprobetxatu eta nekea alde batera utzita lur-eremuak jartzen dizkigun zailtasunak saiestu. Alperrikakoa da datak jartzea baina nahiko genuke Hego Polora iristea urtea amaitu aurretik. Haizerik gabeko aste batek zapuztu dezake helburua. Beraz, pazientzia eta aurrera.
Hirukoteak egindako kalkuluen arabera 1.270 kilometro falta zaizkie Hego Polora ailegatzeko. 25 espedizio eguna amaituta 873 eginak zituzten. Iragarpenei begiratuta hurrengo egunetan haizea baretu egingo dela ematen du, 5-10 kilometro orduko ufadekin, 160 kiloko lerak mugitzeko balio ez dutenak. Temperaturak gora egin du zertxobait, 20-25 zero azpikoa da orain.