Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak 2024

Bela

Iker Martinez eta Xabi Fernandez, dominen borrokatik at

Erredakzioa

49er ontziko euskal nabigatzaileek hirugarren domina lortzeko ametsa ez dute beteko; izan ere, hamabigarren postuan sailkatu eta 'Medal Race'etik kanpo geratu dira.

00:20
Iker Martinez eta Xabi Fernandez, Olinpiar Jokoetatik kanpo
Iker Martinez eta Xabi Fernandez 49er ontziko euskal nabigatzaileek hirugarren domina lortzeko ametsa ez dute beteko; izan ere, hamabigarren postuan sailkatu eta 'Medal Race'etik kanpo geratu dira. Hau da, Wymouthen jokatutako estropadan dominen borrokatik at geratu dira gipuzkoarrak.

Atenasen urrea (2004) eta Pekinen zilarra(2008) lortu eta gero hirugarren domina olinpikoa eskuratzeko ametsa zuten euskal kirolariek, baina Britainia Handiko lehiaketak ez die aukerarik eman gipuzkoarrei eta gehiegi sufritu dute. Azkenean hamabigarren postuan sailkatu dira eta dominen eta diplomen borrokan sartzeko aurreneko hamarren artean sailkatzea beharrezkoa zen.

Gaur azken txanda jokatu da eta euskal nabigatzaileek ez dute zorterik izan. Iker Martinez eta Xabi Fernandez Volvo Ocean Race handian lehiatu eta gero heldu dira Weymouthera. Horrela, gipuzkoarrek prestaketarako denbora gutxi izan dute eta Xabi Fernandezen lesioak ez die ehuneko ehunean lehiatzeko aukerarik eman.

Aurreneko hamarren artean sartzeko sailkapena irauli beharra zuten euskal kirolariek, baina ezin izan dute ezer egin. Txanda ondo hasi eta gero, gipuzkoarrak hamabosgarren postuan sailkatu dira, baina bigarren txandan bosgarren sartu behar zirenean zerbait gertatu zaie eta asko atzeratu dira, hamabigarren postura arte. Ondorioz, aukerarik gabe geratu dira.