Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak

Futbola

Japonia Espainiari gailendu zaio, gizonezkoen futbolaren irekieran

Erredakzioa

Espainiak Olinpiar Jokoetako lehenengo partida galdu du, Japoniaren kontra (0-1). Iñigo Martinez kanporatu egin dute, 41. minutuan.

02:53
Espainiak Japoniaren aurka 0-1 galdu du

Espainiako selekzioak Olinpiar Jokoetako debuta galdu du, Japoniaren aurka. Javi Martinez eta Iñigo Martinez hasierako hamaikakoan egon dira, baina zorteak ez ditu lagundu. Realeko futbolariak txartel gorria ikusi du, lehenengo zatiko bukaera aldean, eta horrek partida baldintzatu du. D taldeko beste norgehiagokan, Hondurasek eta Marokok bina egin dute.

Japoniako selekzioa talde faboritoa presionatzeko asmo garbiarekin irten da zelaira, eta zalantzaz bete du aurkaria. Espainia jokoa kontrolatzeko gai izan da lehenengo zatian, baina Japonia ondo aritu da defentsan. Espainiak, aldiz, kale egin du Otsuk errematatutako korner batean (0-1, 34. min).

Japoniaren golak urduri jarri du Espainiako taldea. 41. minutuan, gainera, epaileak, zuhur, txartel gorria atera dio Iñigo Martinezi, Nagairi falta egiteagatik. Bat gutxiagorekin, partida asko zaildu zaio Espainiako selekzioari.

Espainiaren asmoak zuzenagoak izan dira bigarren zatian, baina Japoniak jokalari gehiago izateak ez dio aukerarik eman. Espainiako selekzioak (Ander Herrera atera da 56. minutuan, Adrianen ordez) akats gehiegi egin ditu atzealdean, eta ez ditu bere aukerak aprobetxatu. Japoniak merezimendu osoz irabazi du, D taldeko sorpresan.

FITXA TEKNIKOA

Espainia: De Gea; Montoya, Iñigo Martinez (txartel gorria, 41. min), Dominguez, Alba; Koke (Tello, 80. min), Javi Martinez, Isco (Oriol Romeu, 63. min); Mata, Rodrigo, Adrian (Ander Herrera, 56. min).

Japonia: Ando; Hiroki Sakai (Gotoki Sakai, 74. min), Yoshida, Suzuki, Tokumaga; Kiyotake, Yamaguchi, Ohgihara (Yamamura, 86. min); Otsu (Saito, 45. min), Nagai, Usami.

Gola: 0-1 (Otsu, 34. min).