Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak 2024

Prentsaurrekoa

Chourraut: 'Amets bat eduki eta egia bihurtzeak guztiz betetzen zaitu'

Erredakzioa

Maialen Chourraut txapeldun olinpikoak prentsaurrekoa eman du Donostian asteartean. Ama izatea eta aldi berean eliteko kirolean lehiatzea gogorra dela esan du, baina harro sentitzen dela.

Maialen Chourraut txapeldun olinpikoak prentsaurrekoa eman du Donostian asteartean. Urrezko domina lortu du Rioko Olinpiar Jokoetan piraguismoan, ur bizietako eslalom proban (K-1), eta han bizitakoaren inguruan hitz egin du.

"Amets bat eduki eta egia bihurtzen dela ikusteak guztiz betetzen zaitu. Oso pozik nago txapeldun olinpikoa izatea lortu dudalako", adierazi du Maialen Chourrautek. Kirolari gipuzkoarrak kontatu duenez, "egunero Rio 2016ko edalontzi batekin gosaltzen nuen markatuta neukan helburua zein zen ez ahazteko". Olinpiar Jokoetako finalean egindako jaitsiera ikusi duela aitortu du, baina normalean ez zaiola ikustea gustatzen: "Jaisten ari nintzenean ez nuen azkar noala igarri, baina telebistan ikusi ostean nahiko azkar joan nintzela baieztatu ahal izan nuen".

Chourrautek adierazi du harritu egin duela horrenbeste jende berak lortutako garaipenagatik poztu dela ikusteak: "Harrigarria iruditzen zait horrenbeste jende poztu izana. Bero eta babes handia sentitu dut, eta pozten nauen arren, zerbait estutzen nau". Ama izatea eta eliteko kirolean lehiatzearen inguruan, "ez da erraza", esan du Maialenek, baina harro sentitzen dela ere gaineratu du: "Ama izatea eta eliteko kirolak eskatzen duen entrenamendu-maila mantentzea ez da erraza. Urte honetara arte ez naiz indartsu sentitu. Gaur egungo politikekin oso zaila da familiako bizitza eta eliteko kirola aldi berean eraman ahal izatea, baina lortu egin dut, eta oso harro nago".

Etorkizunari begira, "hanbat helburu ditut, baina orain urrezko dominaz gozatzeko unea da", aitortu du Chourrautek. Paueko munduko txapelketa (2017), Riokoa (2018), Seu d'Urgellekoa (2019) eta Tokioko Olinpiar Jokoak (2020) ditu jomugan.

Azkenik, urrezko domina lortzen lagundu dion jende guztiari eskerrak eman dizkio Maialen Chourrautek: "Domina honen atzean jende asko dago, nire familia batik bat, eta eskerrak eman nahi dizkiet".