Motorra
Txinako Sari Nagusia
Rosbergek bere aurreneko garaipena lortu du
Erredakzioa
Jenson Button eta Lewis Hamilton McLaren etxeko ingelesak alemaniarraren atzetik helmugaratu dira. Fernando Alonso (Ferrari) pilotu espainiarra bederatzigarren sailkatu da.
-
Nico Rosberg (Mercedes) alemaniarraren autoa Txinako Sari Nagusian. Argazkia: EFE
Nico Rosberg (Mercedes) alemaniarrak bere lehen garaipena lortu du gaur Txinako Sari Nagusian, Munduko Txapelketako hirugarren lasterketan. Lasterketa Shanghaiko zirkuituan egin dute eta Fernando Alonso (Ferrari) Espainiako pilotua bederatzigarren sailkatu da.
Txinako zirkuituari 56 itzuli emateko ordubete, 36 minutu, 26 segundo eta 929 milaren behar izan ditu Rosbergek. 305 kilometro egin dituzte autoek. Jenson Button eta Lewis Hamilton McLaren etxeko ingelesak alemaniarraren atzetik helmugaratu dira.
Mark Webber australiarraren eta Sebastian Vettel alemaniarraren Red Bull autoak laugarren eta bosgarren sailkatu dira hurrenez hurren.
Romain Grosjean (Lotus) frantziarra seigarren helmugaratu da, Bruno Senna brasildarraren eta Pastor Maldonado venezuelarraren Williams autoen aurretik.
Alonsok bederatzigarren postuan amaitu du lasterketa, eta Txapelketako lidergoa galdu du. Espainiako pilotua hirugarrena da orain, 37 punturekin. Hamiltonek 45 puntu ditu, eta Buttonek 43.