Itxi

Txapeldunen Liga

Asteazkeneko partidak

Chelsea kanpoan geratu da, azken partida irabazi arren

Erredakzioa

Celticek Spartaki irabazi dio, eta hurrengo fasera igaro da. Juventusek, Bayernek eta Manchesterrek lehenengo postuak eskuratu dituzte. Messi lesionatuta irten zen Nou Campetik.

  • Celticeko Gary Hooper, Spartak taldeko Kim Kombarovekin lehian. Argazkia: EFE.

    Celticeko Gary Hooper, Spartak taldeko Kim Kombarovekin lehian. Argazkia: EFE.

Chelseak sei gol sartuta irabazi zion Nordsjaelland Danimarkako taldeari (6-1), baina ez zen nahikoa izan Txapeldunen Ligako hurrengo fasera igarotzeko. E taldeko beste partidan, Juventusek eta Shakhtar Donetskek ez zuten berdinketarik adostu eta irabaztera irten ziren. Azkenean, Italiako taldeak mendean hartu zuen Ukrainakoa, Kucherrek bere atean sartutako golari esker (0-1), eta biek jokatuko dituzte final-zortzirenak.

Ingalaterrako taldea fase honetan kanpoan geratu den lehenengo txapelduna da, eta Superkopa Atletico Madrilen kontra modu mingarrian (4-1) galdu duen urte berean izan da. Prentsa britainiarrak "umiliagarritzat" jo du Chelsearen kanporaketa.

Eskozian, Celticek 2-1 irabazi zion Spartaki, eta G taldeko bigarrena izanda igaroko da hurrengo fasera, txapelketa ona jokatuta. Bartzelonak golik gabeko berdinketa lortu zuen Benficaren aurka, baina Messik eman zuen ustekabekoa. Argentinarra andetan atera zuten zelaitik, baina kolpea baino ez omen du eta larunbatean itzuliko da entrenamenduetara.

F taldean, Bayernek lider bukatu zuen, Alemaniako beste bi taldeek, Borussia Dortmundek eta Shalke 04k, asteartean egin bezala. Txapeldunordeak BATE hartu zuen mendean (4-1), eta futbol alemaniarraren nagusitasuna berretsi zuen. Valentzia, bere aldetik, bigarrena geratu da, Lille frantziarrari 0-1 irabazita.

H taldean, Cluj ezustekoa ematetik gertu egon zen. Ordezkoz betetako Manchester United baino gehiago izan zen Old Trafford zelaian (0-1), baina Galatasarayk Bragaren kontrako neurketa irauli eta bigarren postua eskuratu zuen.