Txapeldunen Liga
ZOZKETA
Manchester City-Real Madril, final-zortzirenetara sailkatzeko partida erakargarriena
EITB MEDIA
Manchester Cityk eta Real Madrilek, Txapeldunen Ligako azken bi irabazleek, laugarren aldiz segidan jokatuko dute elkarren aurka, oraingoan final-zortzirenetarako sailkatzeko kanporaketan. Joanekoak otsailaren 11n eta 12an jokatuko dira, eta itzulikoak, berriz, hil bereko 18an eta 19an.
-
Thiago Alcantara izan da zozketan txartelak ateratzeko arduraduna Argazkia: EFE
Pep Guardiolaren Manchester Cityren eta Carlo Ancelottiren Real Madrilen arteko lehia da Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara sailkatzeko partida erakargarriena, ostiral honetan Suitzan egin den zozketaren arabera.
UEFAk Nyonen duen egoitzan egindako zozketak morbo gehien sor dezakeen eta azken urteetan gehien errepikatu den norgehiagoka ekarri du. Oraingoan, baina, goizegi jokatuko dute elkarren aurka bi taldeek, eta maiatzaren 31n Allianz Arenan jokatuko den finala jokatzeko borrokatik kanpo utziko du titulua irabazteko bi hautagai nagusietako bat.

Txapeldunen Ligako kanporaketak. Argazkia: @ChampionsLeague
Horrela geratzen dira otsailaren 11n eta 12an (joanekoak) eta 18an eta 19an (itzulikoak) jokatuko diren Txapeldunen Ligako play-offetako kanporaketak, Nyonen egindako zozketaren arabera:
Brujas - Atalanta
Manchester City - Real Madril
Juventus Turin - PSV Eindhoven
Brest - PSG
Sporting Portugal - Borussia Dortmund
Celtic - Bayern Munich
Feyenoord - Milan
Monako - Benfica