Txapeldunen Liga
Liga fasea
Atalantak eta Atleticok aise irabazi dute Txapeldunen Ligako 5. jardunaldian; Cityri garaipenak ihes egin dio
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek (Salzburgoren kontra) eta Artetaren Arsenalek (Sporting Portugalen aurka) bosna gol sartuta irabazi zituzten haien partidak.
-
Manchester City eta Feyenoord taldeen arteko partidako irudia. EFE
Manchester Cityk ezin izan zion Feyenoordi irabazi asteartean (3-3), Txapeldunen Ligako liga faseko bosgarren jardunaldiko partidan. Erling Haalandek sartutako bi golak eta Ilkay Gündoganek sartutakoa ez ziren nahikoak izan azken 15 minutuetan Ingalaterrako taldearen defentsek egindako opariei aurre egiteko; izan ere, Hadj Moussak, Santiago Gimenezek eta David Hanckok markagailua berdintzea lortu zuten. Pep Guardiolaren gizonak zur eta lur geratu ziren, eta 15. daude sailkapenean, zortzi punturekin, Feyenoord baino bat gehiagorekin.
Galdu gabe jarraitzen du Atalantak, 11 puntu eskuratuta, Young Boys 1-6 mendean hartu ostean. Xabi Alonsoren Bayer Leverkusen ere fin ibili zen, Salzburgo 5-1 garaitu baitzuen, Alejandro Grimaldoren eta Aleix Garciaren golei esker. Bestetik, Milanek hirugarren garaipena segidan lortu zuen, Slovan Bratislavari 2-3 irabazita, eta bederatzi puntu pilatu ditu orain arte.
Atletico Madrilek ere erraz menderatu zuen Sparta Praga, 0-6, Julian Alvarezek eta Angel Correak bina gol sartuta. Madrileko jokalariek bederatzi puntu dituzte Txapeldunen Ligako sailkapenean; Sparta, berriz, atzeko postuetan dago, lau puntu besterik ez ditu eta.
Bartzelona izan zen nagusi Bresten aurrean, Lluis Companys Estadio Olinpikoan jokatutako norgehiagokan, LaLiga EA Sportsen azken bi jardunaldietako sentsazio txarrak alde batera utzita. Horrenbestez, zuzenean final zortzirenetarako sailkatzeko helburua dute. Bigarren daude orain, Robert Lewandowskiren bi golek erraztutako garaipenarekin.
Astearteko emaitzen errepasoarekin jarraituz, nabarmentzekoa da Paris Saint-Germain ez dela bolada ona izaten ari Europan, Bayern Munichen aurka 1-0 galdu eta gero. Jokatutako 15 puntuetatik lau baino ez ditu poltsikoratu. Alemaniako taldeak, ostera, Allianz Arenan jokatutako bigarren jardunaldia aprobetxatu zuen 9 puntura heldu eta ondorengo faserako txartela irabaztetik hurbilago kokatzeko.
Bost jardunaldi jokatuta, Inter Milan dago lehen tokian, 13 punturekin, asteartean RB Leipzig 1-0 menderatuta. Castello Lukebak bere atean egin zuen partidako gol bakarra, lehen zatiaren 30. minutuan, gutxi gorabehera. Simone Inzaguiren taldea azkarregi erlaxatu zen arren, Leipzigek ez zion etekinik atera.
Hobeto aritu zen Mikel Artetaren Arsenal: gol-zaparrada sartu zion Sporting Portugali: Gabriel Martinelli, Kai Havertz, Gabriel, Bukayo Saka eta Leandro Trossard izan ziren golegileak. Hala, lehen zortzi sailkatuen artean kokatu da Arsenal, asteazkeneko partiden faltan. Bederatzi puntu ditu, eta lehen porrota jasan zuen Sporting Portugalekin dago berdinduta.