Txapeldunen Liga
Hirugarren jardunaldia
Bartzelonak aise hartu du mendean Bayern (4-1), baita Cityk Sparta Praga ere (5-0)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Liverpoolek beste garaipen bat lortu du, 0-1, RB Leipzigen kontrako partidan. Beraz, Txapeldunen Ligan orain arte jokatutako neurketa guztiak irabazi ditu denboraldi honetan.
-
Erling Haaland, Manchester Cityko jokalaria, Sparta Pragaren aurkako partidan. EFE
Bartzelonak 4-1 hartu zuen mendean Bayern Munich asteazken honetan, Lluis Companys olinpiar estadioan, Txapeldunen Ligako Liga Fasearen hirugarren jardunaldian. Emaitza horri esker, Alemaniako taldearen aurkako bolada txarrari (2015az gero, ez zuen haien kontra irabazten) buelta eman zion talde gorri-urdinak, Raphinak hat-tricka eginda.
Liverpool nagusi izan zen RB Leipzigen aurrean, 0-1, eta orain arteko neurketa guztiak irabazi ditu Europako txapelketa nagusian, denboraldi honetan. Horrez gain, Manchester Cityk garaipen esanguratsua eskuratu zuen etxean, Etihad Stadiumen, Sparta Pragari bost gol sartuta (5-0). Bigarren zatian, Pep Guardiolak entrenatzen dituen gizonek estu hartu zituzten arerioak, eta golak heldu ziren: horietako bi Erling Haalandek egin zituen.
Hortaz, Manchester Cityk zazpi puntu ditu, eta hirugarren dago sailkapenean, sei talderekin berdinduta, Txapeldunen Ligako fase berrian. Brest eta Xabi Alonsoren Bayer Leverkusen ere zazpi punturekin daude. Bana berdindu zutenez, aurrera egiteko bidea apur bat gelditu zuten Guingampeko Roudourou Estadioan jokatutako neurketan.
Atletico Madrilek 1-3 galdu zuen Lilleren kontra, Frantziakoek bigarren zatian aurkako emaitza irauli baitzuten. Hiru gol egin zituzten, partida amaitzeko ordu laurden falta zela sartutako penalti polemikoa eta guzti.
Azkenik, Inter Milanek zazpi puntu ditu, Marcus Thuramek 93. minutuan sartutako gol bati esker Young Boys 0-1 garaituta. Asteazkeneko gainerako emaitzei dagokienez, Benficak ezin izan zion Feyernoordi aurre egin (1-3), lehen bi jardunaldietan irabazi eta gero. Bi talde horiek seina puntu dituzte. Atalantak (5 puntu) eta Celticek (4 puntu) berdindu egin zuten: 0-0. Dinamo Zagrebek faseko lehen hiru puntuak eskuratu zituen, oraindik punturik ez duen Salzburgo mendean hartuta. Azken ordu erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten Alemaniakoek, Schlagerrek txartel gorria atera baitzion epaileak.