Txapeldunen Liga
2. jardunaldia
Benficak 4-0 irabazi dio Atleticori, Lillek Real Madril menderatu du eta Aston Vilak irabazi egin dio Bayerni
EITB Media
Bigarren jardunaldiko beste partiden artean azpimarratzekoak dira Gironaren porrota Feyenoorden kontra (2-3), Liverpoolen garaipena Boloniaren aurka (2-0) eta Juventusek Leipzigen etxean lortutako hiru puntuak (2-3).
-
Alexander Bah (Benfica) Atletico Madrili sartu zion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Urriaren 2an itxi da 2024-2025 Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia. Asteazkenean jokatutako bederatzi partidetan 29 gol sartu dira guztira, eta norgehiagoka bakarra amaitu da berdinduta.
Ezusteko nagusia Lillek eman du, etxean Real Madril menderatuta, 1-0eko emaitzarekin. Jonathan Davidek sartu zuen neurketako gol bakarra, penaltiz, 45. minutuan. Hala, bada, Frantziako taldeak Espainiakoaren porrotik jaso gabeko 37 partidako bolada eten zuen. Madrilgo taldeak ez du partidarik galdu 2024ko otsailaren 18tik; hau da, Atletico Madrilek Errege Kopan 4-2 irabazi zionetik.
Bestalde, eguneko jipoia Atletico Madrilek jaso du, Benficaren kontra 4-0 galduta. Lisboako taldea aise nagusitu da etxean, Akturkoglu, Di Maria, Bah eta Kokçu jokalarien golekin.
Asteazkeneko partida handia Ingalaterrako Vila Park estadioan jokatu da. Unai Emeryk zuzendutako Aston Vilak 1 eta 0 irabazi dio Bayern Munichi. Alemaniako taldea lehen jardunaldian Dinamo Zagrebi 9-2 irabaztetik zetorren.
Horrez gain, Gironak 2-3 galdu du Feyenoorden aurka Montilivin, Livepoolek 2 eta 0 menderatu du Bolonia Anfielden, Juventusek irabazi egin du Leipzigen etxean (2-3), Atalanta aise nagusitu da Shakhtar Donetsken kontrako lehian (0-3), Gelserkirchenen (Alemania), Brujasek mendean hartu du Sturm Graz (0-1) Austrian eta berdinduta amaitu da Kroazian jokatutako Dinamo Zagreben eta Monakoren arteko lehia (2-2).