Itxi

Txapeldunen Liga

Emaitzak

Borussia Dortmund eta Bartzelonaren garaipen nabarmenak, Txapeldunen Ligako 2. jardunaldian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Alemaniako taldeak 7-1 irabazi zion Celtici, eta Bartzelonak 5-0 Young Boysi. Inter Milanek 4-0 hartu zuen mendean Izar Gorria. Emaitza berbera lortuta nagusitu ziren Manchester City (Slovan Bratislavaren aurka) eta Brest (Salzburgoren kontra).

  • Julian Brandt (Borussia) eta Arne Engels (Celtic), astearteko partidan

    Julian Brandt (Borussia) eta Arne Engels (Celtic), astearteko partidan. EFE

Borussia Dortmundek gol-zaparrada sartuta irabazi zion Glasgowko Celtici (7-1), Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko partidan, eta taldeko lehen postuan kokatu da. Karim Adeyemi hegaleko jokalariak hiru gol sartu zituen lehen zatian. Ondoren, zelaia utzi behar izan zuen, min hartuta. Emre Canek ireki zuen markagailua, norgehiagoka hasi eta zazpi minutura. Eskoziako taldeak Maeda japoniarrari esker bederatzigarren minutuan berdinketa lortu zuen arren, Borussiak garaipenaren bila jarraitu zuen,  sei gol gehiago eginda (hiru Adeyemik, bi Guirassyk eta bat Felix Nmechak).

Eguneko bigarren emaitza nabarmena Bartzelonarena izan zen, Young Boys suitzarra 5-0 menderatu baitzuen. Hala, denboraldi honetan Europan lortzen duen lehen garaipena eskuratu zuen. Robert Lewandowski (2), Raphinha, Iñigo Martinez eta Mohamed Camara izan ziren golegileak. Horrez gain, Inter Milanek Izar Gorriari irabazi zion, 4-0. Emaitza horrekin nagusitu ziren, era berean, Brest eta Manchester City: Salzburgoren aurrean, bata eta Bratislavan, bestea.

Bestetik, Xabi Alonsoren Bayern Leverkusenek Txapeldunen Ligako bigarren garaipena eskuratu zuen, etxean, Milanen kontra; Mikel Artetak entrenatzen duen Arsenalek ere hiru puntuak poltsikoratu zituen, Paris Saint-Germaini neurria hartuta.

Azkenik, honako bi emaitza hauek osatzen dute astearteko partiden zerrenda: Sttutgart-Sparta Praga (1-1) eta PSV-Sporting Portugal (1-1).