Itxi

Txapeldunen Liga

Final laurdenak

Bartzelonak eta Atletico Madrilek gol bateko aldea lortu dute, Paris Saint-Germain eta Dortmund aurkari

EITB MEDIA

Amaitu dira, asteazkenean, final laurdenetako joaneko partidak. Parisen, Bartzelonak 2-3 menderatu du Paris Saint-Germain; Madrilen, Atletico Madrilek 2-1 hartu du mendean Borussia Dortmund. Itzuliko partidak hurrengo asteartean jokatuko dituzte, Bartzelonan eta Dortmunden.

  • Paris Saint-Germaineko Zaire-Emery eta Bartzelonako Joao Felix, aurrez aurre. Argazkia: EFE.

    Paris Saint-Germaineko Zaire-Emery eta Bartzelonako Joao Felix, aurrez aurre. Argazkia: EFE.

Bartzelonak Paris Saint-Germain menderatu du, 2-3, Parisen, Printzeen Parkean, eta Atletico Madrilek Borussia Dortmund hartu du mendean, 2-1, Civitas Metropolitanon, Madrilen, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako final laurdenetako bi kanporaketa horietako joaneko partidetan.

Parisen, Bartzelonak balio handiko garaipena erdietsi du; horri erreparatuta, esan dezakegu Kataluniako taldeak aukera polita duela finalaurrekoetarako sailkatu ahal izateko. Bizi-bizi jokatu dute bi taldeek. Bartzelonak hartu du aurrea, 37. minutuan, Raphinaren bidez, baina Paris Saint-Germainek, 48. eta 50. minutuetan irauli egin du markagailua. 62.ean, beste behin Raphinak sartu du gola, 2-2koa, eta, azkenean, 77. minutuan, Christensenek egin du 2-3koa.

Bitartean, Madrilen, Atletico Madril 2-0 aurreratu da aurreneko zatian, De Paulen eta Linoren golen bidez, 4. eta 32. minutuetan. Bigarren zatian, baina, Borussiak etengabe jokatu du golaren bila, kanporaketan aukera handiagoak izatea helburu, eta, azkenean, lortu egin du: Hallerrek sartu du, 81. minutuan.

Nahuel Molina eta Bynoe-Gittens, Madrilgo partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Nahuel Molina eta Bynoe-Gittens, Madrilgo partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Kanporaketa horietako itzuliko partidak hurrengo asteartean jokatuko dituzte, hilaren 16an; Bartzelonako Estadi Olimpic Lluis Companysen eta Dortmundeko Signal Iduna Parken izango dira norgehiagokak.