Itxi

Txapeldunen Liga

TXAPELDUNEN LIGA

Manchester Cityk eta Inter Milanek aurrea hartu dute finalerdietarako bidean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ingelesek 3-0 gainditu dute Bayern Munich eta italiarrek 0-2 menderatu dute Benfica.

  • Cityk eta Interrek joaneko partidan aurreratzea lortu dute

    Cityk eta Interrek joaneko partidan aurreratzea lortu dute. Argazkia: EFE

Manchester Cityk eta Inter Milanek abantaila hartu dute Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketetan, Bayern Munich eta Benfica mendean hartuta, hurrenez hurren. Pep Guardiolaren taldeak 3-0 gainditu du Alemaniako taldea. Interrek ez du hainbesteko zuloa irekitzea lortu, eta 0-2koarekin konformatu behar izan du Portugalgo taldearen aurka.

Manchester Cityk aurrerapauso handia eman du 2022-2023ko Txapeldunen Ligako finalerdietan egoteko, astearte honetan Bayern Munich Alemaniako taldeari 3-0eko emaitzarekin irabazita.

Pep Guardiolaren taldeak eraman du garaipena txapelketa irabazteko hautagai nagusien arteko lehen norgehiagokan. Thomas Tuchelen taldeak huts gehiago egin ditu, tartean, nabarmenena, Cityren 2-0ekoa ekarri duena.

Une garrantzitsu horren aurretik, Rodri Hernandezek Txapeldunen Ligan egin duen lehen gola erdietsi du. Alemaniako txapeldunak berdinketa lortzeko puntuan izan dira atsedenaldiaren ostean, baina Upamecanoren akats baten ondorioz, etxekoek bigarren gola sartu dute, Bernardo Silvak egin du, Haalandek egindako erdiraketari esker. Norvegiarrak ez du hutsik egin ohikoa duen golaren hitzorduarekin, eta berak egin du hirugarren gola. Horrela, kanporaketa oso zail jarri zaio Bavariako taldeari.

Portugalen jokatutako beste partidan, Inter Milanek 0-2 irabazi dio SL Benficari, Nicolò Barella eta Romelu Lukakuren golei esker. Da Luzen lehia zirraragarri baten zain zeuden, baina laster konturatu dira ez zela halakorik izango, bi defentsak ondo kokatuta eta aurkariei erasorako tarterik eman gabe zelairatu baitira.

Partida bigarren zatian bizitu da, eta Interrek markagailua ireki du Barellaren burukada gurutzatu batekin. Italiako taldea bigarrena lortzekotan egon da, buruz egindako beste erremate batekin, baina 82. minutura arte ez dute lortu bigarrena, Romelu Lukakuren eskutik.